Egape, danborrada eta inauteri artean

Asteburu honetan ospatuko da San Sebastian eguna. Asko azken entsegu saioak prestatzen ariko dira honez gero. Baina 24 orduz danbor hotsek protagonismoa hartzen duten urtarrilaren 20ko bezperatan, Donostian bakarrik ez, beste hainbat herriko ikastetxeetan ere gaztetxoek euren danborrada saioak ospatzen dituzte.

Tartean, baita Urnietako Egape ikastolan ere. Ostiral honetan, urtarrilak 18, arratsaldeko 15:45etan, Haur Hezkuntzako hiru, lau eta bost urtekoek, eta haiekin batera, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleek ikastolako futbol zelaia hartuko dute. Guztira, 203 ikasleek astinduko dituzte euren danborrak.

Eta ez dira bakarrik izango. Danbor hotsen erritmora mugituko baitira Egapeko dantza taldeko kideak ere. Ziur aski, sinbolikoenak diren bi ereserkietan parte hartuko dute. “Donostiako Martxa” abestian eta Urnietako ereserkian. Guraso Elkarteak prestatutako askariarekin amaituko dute jaialdia.

INAUTERIAK
Aurten, urteak egun bat gehiago izango du, Aste Santuko oporrak ere goizago izango dira… Eta inauteriak inoiz baino lehenago, ate joka ditugu. Egapekoak buru-belarri prestaketa lanetan dabiltza. Herrialde desberdinak dira urtarrila amaieran hasiko diren inauterietarako aukeratu duten gaia. Heziketa ziklo bakoitzak munduko txokoren bat irudikatuko du.

HITZALDIA, HILAREN 28AN
Gurasoen eta seme-alaben arteko komunikazioa aztergai izango dute ikastolako gurasoen formakuntza taldean dabiltzanek. Hain zuzen, urtarrilaren 28an gai hori jorratuko duen psikologoa, Maribel San Sebastian gonbidatu baitute. Hitzordua, 16:45etan Lizardi kaleko eraikinean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!