“Allurralde kiroldegian zail jartzen duzue”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urt. 17a, 10:20

Andoaingo Joxean eta Iñaki Allurralde kiroldegian eskalatzaileei ematen zaien tratuarekin ez daude batere ados eta Aiurriko erredakzioan izan dira bere desadostasuna agertzen. Urrutitik dator haien kexa, kiroldegia egin zutenetik hain zuzen.

“Rokodromoa jarri behar zuten, baina... lekurik ez. Urteak pasa dira, tarteka ea zerbait bazen galdezka, baina alferrik, eta bitartean ahal den moduan moldatuz”, ez ziren eskuak gurutaturik geratu eta rokodromoaren aldeko 1.100 sinadura baino gehiago lortu zituzten Allurralden rokodromoa noiz? lelopean.

“Hamairu hilabete geroago telefono dei baten bidez, irtenbideren bat aurkitzeko aukera bazegoela ikusi genuen. Leku falta zela eta, Kiroldegiko arduradunek beste jarduera batzurekin aretoa konpartitzea proposatu zuten”, ezer baino hobeto bazen bederen. 2005eko maiatzean martxan jarri zen baina ekimenak ez du behar bezalako indarrik, “2008ko urtarrilean gaude, 33 hilabete pasa dira eta Andoaingo kiroldegiko rokodromoak etorkizun kaskarra duela esan genezake”. Ez baita inor biltzen, eta zein izan daiteke arrazoia? Kexa agertu duten bi herritarren ustean zergatia ez da afizio faltan bilatu behar, eskaladan aritzeko eskaintzen diren baldintza kaskarretan baizik. Hain korapilatsua da Allurralden eskaintzen den zerbitzua Andoaingoei errazagoa zaiela Zizurkilgora joatea.

Zailtasun horiek agertzeko honako zerrenda prestatu dute Joxeanek eta Iñakik:

  1.  “Hasteko, mendi federazioko lizentzia eguneratua aurkeztu behar da Allurralden. Igerilekuan, muskulazio gelan, bizikleta estatikoan, korrika egiteko zintan... horietan guztietan ibiltzeko ez da federatu txartelik aurkeztu behar, normala den bezala. Guk, ordea,... Euskalduna Mendigoizaleko federazio txartela egin beharko genuke, gutxienez urteko 82 euroko kostuarekin”.
  2. “Gero, eskaladan aritzeko ordutegia aipatu behar da. Rokodromoa dagoen aretoan beste bi jarduera egiten direnez, hauen ordutegiak antolatu ondoren sobera dauden orduak dauzkagu”. Alegia, beste ekimenen baitan dagoela eskalada egiteko aukera.
  3.  “Azkenik, ordaindu beharreko tasa dago”. Rokodromoa erabiltzearen kostu ekonomikoa beste jarduerekin alderatuta, garesti xamar ateratzen dela frogatu dute bi andoaindar hauek.

    

2007-2008 ikasturtearen iraupena 40 astekoa da.
Astean, bi egun:

  • Fit Pump, indoor txirrindularitza     218 e.
  • Yoga     165 e.
  • Rokodromoa         264 +82 e = 346 e.

Astean, hiru egun:

  • Aerobik, soinketa, fitness     162 e.
  • Aquagym     234 e.
  • Rokodromoa 396 +82 e = 478 e.


KANPORA JOAN BEHARRA
Datuak ikusita, beste kirol jarduerekiko tratu bera eskatzen dute eskalatzaileek, “Baldintza horiekin nola nahi dute jendea hurbiltzea? Igerilekura edo muskulazio gelara joatea bezala behar luke, bazkidetza edo sarrera ordainduta eta kitto”. Gauzak horrela, leku faltak bultzaturiko rokodromo txikiak etorkizun beltza duela aurreikusten dute, kiroldegiko arduradunek deus egiten ez badute, “kirol jarduera hau suspertzeko ezin daiteke okerrago aritu, eskalatzaileak ordutegirik okerrenean eta gastu ekonomiko handienarekin zigortuz”. Andoaingoa alde batera uztea beste erremediorik ez dutela diote, etsipenez. “Guk argi daukagu, Zizurkilgo rokodromoan jarraituko dugu, 35 euroren truke urte osoa libre”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!