Etxabeak eta lokalak etxebizitza bilakatzeko araudia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urt. 17a, 10:19

Udal agintariek 2004ko ekainetik Lasarte-Oriako udaletxean indarrean dagoen ordenantza Andoainen ezarri nahi dute, zeinaren bitartez denda eta bulegoetarako bideratuta dauden lehen oineko lokalak eta bestelakoak etxebizitza erabilerara aldatzeko erregulazioa zehaztuko den. Herrigunea biziberritzeko eta eskaintza merkea sustatzeko irtenbide modura hartu dute Lasarten eta Donostian.

Andoainen ere herriguneko hainbat behe solairu utzikeriak jota daude. Merkatalguneetarako edota bulegoetarako sektorea herriko hainbat gunetan ez da aspaldian suspertu eta kasu batzuetan aurkakoa gertatu da. Udal ordezkariek 2007ko abenduan Hiri Antolamendurako Plan Nagusiari hasierari onespena eman ziotenean, etxebizitzaren arazoari eta lokal hutsen egoerari irtenbidea emateko ordenantza sortzeari buruz hitz egin zuten. Asmo hori dagoeneko Plan Nagusiaren erredaktoreen esku dago. Horien artean aurkitzen da Ana Crespo Amado arkitektoa, Lasarte-Oriako ordenantzaren egilea. Pasa den ostegunean Andoaingo alkatearekin batera Plan Nagusiaren nondik norakoak azaldu zituen Basteroko ekitaldi aretoan.

Aipamen interesgarriak aurki daitezke Lasarte-Oriako ordenantza horietan. Besteak beste, erreflexio hau: “Hiri Antolamenduko Arauak berrikusterakoan, hiri ingurunearen gaur egungo eraketa aztertu zen xehetasun osoz. Horrela, finkatutako hiri eremuetan lokal asko eta asko hutsik zeudela egiaztatu zen: batzuk, beraietan burutzen zen jarduera amaitzearen ondorioz eta besteak, eraiki zirenetik inoiz erabili gabe zeudelako, beren obra-itxitura eta guzti.

KALEEN ITXURA KASKARRA
Hori, herrigunearen inguruko esparruetan gertatzen da gehienbat, eta ondorioz, oinezkoen ikuspegitik begiratuta, hiriak itxura tamalgarria erakusten du. Bestalde, gizartearen garapenari eta kontsumo-ohituren aldaketari begiratzen badiegu, garbi dago merkatalgunerako erabilerekin okupa daitekeenak ez duela gora egingo, juxtu-juxtu kontrakoa baizik, gaur egun burutzen diren jarduerak bere horretan gera baitaitezke edo bestela, beherantz egin”.

Egoera zatar hori herriguneko eremu ezberdinetan aurki daitekeela aipatzen da, “Antxuenea plazako eraikinak eta Urbarteko ia-ia eraikin guztiak ez dira inoiz okupatu izan; Iñigo Loiola kalean egin berri diren eraikinekin ere gauza bera gertatzen da”.
Erregulatu den eraikinen erabilera-aldaketa horrek etxegintza arloko potentziala birgaitzeko eta hiriko bizi-kalitatea nabarmen hobetzeko helburuarekin eginda dagoela diote Lasarteko araudiaren egileek.

Lasarte-Oriako ordenantza www.lasarte-oria.org gunean kontsulta daiteke, "Egoitzarako lurzoru hiritarrean finkatutako eremuetan dauden beheko oinen eta bestelako lokalen erabilera aldatzera bideratutako jarduketen ordenantza erregulatzailea" titulupean.
Lokalen jabeentzat irtenbide berria iristear dago. Eta bide batez, baita etxebizitza merkeago eskuratu nahi dutenentzat ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!