Zaborraren kudeaketa hizpide

Pasa den astean San Markos Mankomunitateak hiru egunez Bartzelona aldera eta Mallorkara antolatutako bidaiaren berri eman zuen AIURRI-k. Hondakinen bestelako kudeaketa ezagutzera joan zirenen artean, urnietarrik ez zen falta; Mikel Izagirre (UDA), Miren Quintas (UDA), Iñaki Mendizabal (EAE-ANV), Miren Martiarena (EAJ-PNV) Peio Lozano (Arnasa plataforma) eta Karmele Urbistondo (Arnasa plataforma).

PEIO LOZANO
Arnasa Plataforma

Oso inpresio positiboa izan da. Harrituta gelditu nintzen zer nolako konbentzimenduarekin hitz egiten zuten. Posible zela esaten zuten eta horrek animoa ematen du. Urnietarako, guretzat oso lagungarria izan da.  Orain, han ikusi eta ikasi duguna jendeari transmititu beharra dugu.
Hemendik gutxira, Urnietan horrelako esperientzia global bat martxan jarri beharko litzateke, hondakinen zati guztiak atez ate bildu eta konpostatzeko. Komenigarria litzateke esperientzia bi auzo ezberdinetan hastea. Eta konpost planta eta garbigune bana eraikitzea. Horretarako duela bost urte martxan jarritako kanpainaz baliatu beharko genuke. Gure asmoa, plana pleno batera eramatea da. Erraustegitik ez, beste alternatiben bideetatik joateko garaia da. Eta garaiz gaude.

KARMELE URBISTONDO
Arnasa plataforma

Interesgarria eta aberasgarria izan da oso. Hainbat herritan dagoeneko martxan dauden zabor bilketa molde eta esperientzia desberdinak ezagutzeko aukera eman digu; ikusiz eta ikasiz, Foru Aldundiko agintariek hain temati eta burugogor inposatu nahi diguten erraustegiak alternatiba eduki badaukala argi gelditu da. Zaborraren bilketa berezitua egitea onuragarria ez ezik behar-beharrezkoa ere badela garbiago gelditu zaigu. Hemendik aurrera jaso duguna azaltzea, transmititzea dagokigu, kultura eta kontzientzia eragileak izatea, guztion artean bitartekoak eta baliabideak sortzea.

MIREN QUINTAS
UDA-ko zinegotzia

Oso inpresio ona eta baikorrarekin itzuli naiz. Lan egiteko eta herritarrengana iristeko gogo handiz. Hemendik joan ginenon artean, jakinmina handia zen, talde giroa oso ona. Baita han egin ziguten harrera ere. Ikustekoa zen, zer nolako motibazioa, konbentzimendua eta inplikazioa zuten. Hona Puigpunyenteko (Mallorka) esperientzia oso osorik ekarriko nuke.
 Urnietan pribilegiatuak gara. Beste herrietan baino askoz sentsibilizatuagoak gaude gai honetan. Baina oso garrantzitsua izango da, herritarrei ahalik eta informazio gehien ematea eta haiek benetan bizi, sinestu eta sentitzea. Besteak gai izan badira egiteko, gu baita ere. Onerako izango da zentzu guztietan eta gu oraindik garaiz gaude.

MIREN MARTIARENA
EAJ-PNV-ko zinegotzia

Bisita interesgarria izan da. Zaborra biltzeko beste modu bat ezagutu dugu. Alderaketak egitea ez da hain erraza. Hango eta hemengo prozesuetako hasiera puntuak oso desberdinak baitira. Han, legediak eta kostu altuek behartuta hasi dira irtenbideak bilatzen.
Hemen, zaborra biltzeko beste modu bat martxan jartzea prozesu motzagoa izango litzateke. Baina atez ateko sistemari arazo bat ikusten diot; nola koordinatu bilketa bera. Hango etxeak baxuak baitziren. Hemen berriz, etxebizitza mota ezberdinak ditugu.
Baina posible da. Ingurugiroarekiko sentsibilitatea izatean dago gakoa. Foru Aldundiak jada badu programa bat,
bosgarren kontenedorea jartzeko.

IÑAKI MENDIZABAL
EAE-ANV-ko zinegotzia

Inpresio oso onarekin itzuli naiz. Hiru egunek askotarako eman didate. Orain, hemen hori guztia martxan jartzeko formulak bilatu behar. Hor niretzat bi giltzarri daude: herritarren kontzientziatzean egin beharreko formazioa eta bestetik, alderdi teknikoa landu beharra egongo litzateke. Baina eskema garbi izan behar dugu. Hondakinak gutxiago nola sortu eta sortutakoa nola birziklatu eta baliatu. Eta birziklatu ezin dena nola bideratu teknikoki. Guk hemen burua garbitu behar dugu lehenik. Kontzientzia hartu, kontsumismorako dugun joera zuzendu. Orain zabortegia beteta harrapatu gaituenean azkar mugitu behar dugula dirudi. Baina erabakiak lasai eta ondo hartu behar dira.

Kataluniako eta Mallorkako ereduak inportatu nahi dituzte errausketa saihesteko. San Markos Mankomunitateko eta Gipuzkoako beste hainbat txokoetako udal ordezkari, teknikari eta erraustegiaren aurkako plataformetako kideak Bartzelona iparraldeko eta Mallorkako ereduak ezagutzen izan ziren pasa den astean. Hiru eguneko bidaian atez ateko zabor bilketa sistema edota konpost plantak martxan dauzkaten herri ezberdinetako ereduak ezagutzen izan dira.

Uda honetarako, Usurbilen
San Markos Mankomunitateak antolatutako hiru eguneko bidaian ikusitakoa hemen aplikatzeko asmoa dago. Hala, uda baino lehen, atez ateko bilketa sistema Buruntzaldean bertan martxan jartzeko asmoa dago, zehazki Usurbilen. Horrekin batera, konpost planta ere zabalduko da. Euskal Herri mailan horrelako esperientzia bat abiaraziko duen lehen herria izango da. Etorkizunean Urnieta herrian ere martxan jar liteke antzeko ekimena.
Mallorcako Tramontana mendilerroaren magalean kokatua dagoen Puigpuynent herriaren ereduari jarraipena emango dio Usurbil herriak. Aldez aurretik finkatutako egutegi bati erantzunez, atez ate biltzen dituzte hiri hondakinak eta jasotakoa herrian bertan kokatutako konposta gunera garraiatzen dute. Instalazio horren ondoan uzten dute bereizitako zabor guztia. Eragileen asmoa, herritarrak, sortzen duten hondakinez jabetzea da. Horretarako, zaborra haien begi bistan jartzea baino gauza hoberik ez.

Proiektua jaio zenetik herritarrak izan dira hondakinen kudeaketan egin beharreko aldaketen protagonista nagusiak. Mallorkako herri horretan lau urteren buruan, birziklagarria den hondakin kopurua %19tik ia %70era igo da. Zabor organikoa ongarri modura erabiltzen da. Konpost plantak irekitzearekin batera, oso modu azpimarragarrian jaitsi da zabortegira edo erraustegira garraiatu beharreko zabor kopurua.Gipuzkoan kanpotik inportatu nahi dituzte ereduak, errausketari aurre egiteko alternatiba modura.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!