Istiluak herrian

Azken boladan Udala bizitzen ari den gertakarien arrazoiak ikusita eta zerbait egiteko premiaren aurrean, ezohiko batzar berezia deitu zuen Adunako Udalak atzo iluntzean.

Etxeberri baserriko Leandro Galatas adunarrak, 1-8 unitateko desjabetza prozeduraren baitan egindako mehatxuak aztertu eta erabakiak hartzea zen batzarraren helburua. Alkateak eta zinegotziek hartu zuten hitza eta batzar aretoa txiki geratu zen gerturatu ziren adunar guztiak biltzeko. Arantxa Aburuzak gertakarien nondik norakoen berri eman zuen, herriko arau subsidiarioak lehen aldiz 1987 urtean bideratu zirela aipatu zuen, eta gerora, hainbat lan egiteko, herriko ordenamendua zabaldu egin behar izan zela. Modu horretan, Leandro Galatasen terrenoko 600 metro ukitzen ziren. “Planoak egiteko aparejadorea eta bere taldea Leandroren terrenoetara joan zirenean sortu ziren aurreneko arazoak”. Geroztik, udaletxetik Leandrorekin negoziatzen saiatu zirela aipatu zuen Arantxak, “lehen negoziazio haietan dirua edo terrenoengandik trukea eskaini zitzaion, baina ez zuen onartu”. Herrian egin behar zuten bidea baserritik oso gertu geratzen zitzaiola erreklamatzen zuen Leandrok, “arau subsidiarioak nork onartu zituen galdetu zuen behin udaletxera etorrita eta, hala egin zutenei tiro bana botako ziela esan zuen. Aktan jartzea nahi izan zuen eta halaxe dago gordeta”.

Mehatxuak zinegotziei
Adunan arau subsidiarioak onartu eta gero, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere onartu egin zituen, “Diputazioko kideak ere mehatxatu egin zituen Leandrok”. Geroztik, Adunan egin diren obretan Leandroren terrenoak ukitu direla azaldu zuen alkateak, plazatik gertu bizi delako. “Garai hartan aurrena egin ziren obrak frontoikoak izan ziren. Bai frontoiko edo komuneko hodiak pasatzerakoan, Leandroren terrenoei lotu behar izan zitzaizkien, lehendik ere handik pasatzen zirelako herriko hodi nagusiak. Orduan ere arazoak izan zituzten, baita eskola egiten hasi zirenean ere”. Nahiko pertsona gatazkatsua izan dela aipatu zuen Arantxak. “Plazako etxeak egiterakoan, metro batzuk gehiago eskuratzeko, behin eta berriz negoziatu zuen Udalak Leandrorekin. Ez zuen horrelakorik onartu eta planeamenduan bidea egitea bakarrik geratu da. Bidea egitearen truke, 80.000€ eskaini genizkion lehendabizi. Ez zuen onartu, 500.000€ eskatzen zituen berak 700 metrogatik. Onartezina iruditu zitzaigun eskaera eta azkenean, bere posturan mantentzen zenez, desjabetzera jo behar izan dugu. Desjabetze juratuak 40.000€ ematea proposatzen du”. Dagoeneko amaitu da desjabetzearen prozesua eta laster hasiko dira bidea egiteko lanak terreno horietan. “Bitarte honetan heriotza mehatxuekin etorri zaigu Leandro eta obrarik egiten utziko ez duela esaten du”.

Mozioaren onarpena
Udaletxeak mozioa onartu zuen istiluaren inguruan. Besteak beste, hautetsi guztiek 1-8 unitateko hirigintza proiektuarekin bat egin eta lanak burutzeko eman beharreko pausoak berretsi zituzten. Leandro Galatasen heriotza mehatxuak jaso dituzten herritarrei elkartasuna adierazi zien eta, zazpi hautetsiek urtarrilaren 16an Tolosan egin zen epaiketara joateko konpromisoa hartu zuten, herritarrak gonbidatzearekin batera.
Mozioaz gain, Udalari babesa erakutsiz, Leandrori helarazteko, sinadura bilketa martxan jarri zuten herritarrek batzarraren amaieran. Sinadura mordoa bildu zen. Bilkurara agertu ez zenak udaletxean sinatzeko aukera izango du datozen egunetan. Herritarren parte hartzea eta erakutsitako babesa eskertu zituzten alkate nahiz zinegotziek eta arazoa bertan behera geratuko ez dela jakin arren, egoera jasanezina zenez, egoeraren berri eman beharra sentitu zutela azaldu zuten. Argi utzi zuten bidea egiteko proiektuarekin aurrera jarraituko dutela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!