Ugare auzoko lanak erabat seguruak, Udalak argitu duenez

PP-ko Raul Vazquez zinegotziak Ugare (Ubare) auzoko lanak neurri eskasesin garatzen ari direla esan izanak, erantzuna jaso du Udalaren eskutik.

Zizurkilgo Udalak jakinarazi duenez, "Ugare (Ubare) gunea erabat segurua da, bertako eraikin guztiak behar diren azterlan eta proiektuen arabera eginak daudelako, eta gaur egun gauzatzen ari diren lanetan segurtasun-neurri zorrotzenak hartu direla, hasiera-hasieratik agerian utzi den bezala". PP alderdiko Raul Vazquez zinegotzia kritikatzen du, gizartean alarma sortzea bakarrik lortzen duen demagogia merkea praktikatzeagatik. "Jarrera horren aurrean, Zizurkilgo Udalak lasaitasuna helarazi nahi die herritar guztiei eta Ugare (Ubare) auzoko bizilagunei bereziki, eraiki diren etxe guztiak dagozkien azterlan eta proiektuen arabera eraiki direla frogatzen duten agiri guztiak udaletxeko erregistroetan daudelako, eta egungo obrak normaltasun osoz gauzatzen ari direlako. Alabaina, Raul Vazquez da adierazpen alarmistak egiteko inolako arrazoi eta argudiorik ez duena, oraindik ez baitu aurkeztu udaletxe honetan bere salaketa faltsuak egiaztatzen dituen inolako agiririk".


Argibideak emateko bilera

Udalak datozen egunotan argibideak emateko bilera egitea aurreikusi du, eta bertan aipatu gune horretako urbanizazioaren xehetasun guztiak eta auzoa biziberritzeko lanetan hartutako neurriak azalduko ditu. "Nolanahi ere, herrian gauzatzen diren jarduera guztien berri eman, eta aurrera begira egin daitezkeen ekimenei buruz herritarren ekarpenak jasotzeko, Udaleko arduradunek aspaldi erakutsi zuen zizurkildarrak etengabe informatuta edukitzeko asmoa, eta herritarren partaidetzako ekimen horren baitan sartzen da oraingo hau". Era berean, Zizurkilgo Udalak gogora ekarri nahi du duela hilabete batzuk enpresa eraikitzaileko eta Eusko Jaurlaritzako Ur Zuzendaritzako arduradunak bertan zirela eginiko bileran, udalbatzan ordezkaritza duten talde politiko guztietako kideei Ugare (Ubare) auzoko jardueren berri emateko asmoa zela baina, PP alderdia ez zela azaldu. "Gezur hauen eta beste batzuen bitartez, Raul Vazquez zinegotziak inolako oinarririk eta funtsik ez duen nahasmen eta asaldura egoera sortu nahi du herritarren artean, erasandakoen segurtasunaz kezkatzen den Udal-kudeaketa irmo eta arduratsuaren aurka jotzeko. Zizurkilgo Udalak deia luzatzen dio bere jarrera demagogikoa alde batera utzi eta, egiaz herriaren alde lan egin nahi baldin badu, bide egokiak erabiltzeko, hala nola bileretara azalduz edota herriaren onerako diren proposamenak aurkeztuz".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!