Idi haragia

Geroz eta zailagoa da harategietan idi haragia aurkitzea.Asteasuko Dastatzen enpresako kideek idi haragiaren salerosketa egin dute Eguberri inguruko egunetan. Galizia, Irlanda, Leon eta Bizkaian erosi dituzte idiak eta inguruko harategi eta erretegietan banatu.

Duela hamarkada batzuk lanerako baliatzen ziren idiak inguruko baserri gehienetan, baina gaur egun ez da batere ohikoa eta horrek, idi haragia bilatzea zaildu du. “Eskaera handia dago eta oso zaila da idiak bilatzea. Apusturako erabiltzen diren idi gutxi batzuk badaude hemen inguruan, baina horietako oso gutxi gizentzen dira. Idi bat gizentzeko denbora asko behar izaten da eta asko jaten dute, garesti ateratzen da eta baserritarrari ez dio ekonomikoki konpentsatzen. Urte guztian zehar aritu gara idiak bilatzen eta azkenean, bederatzi lortu ditugu. Prezio ona eskaini behar da idi haragia lortzeko, bestela inork ez duelako gizentzeko lana hartu nahi izaten. Behi haragia baino garestiago ordaindu dugu”, azaldu du Dastatzen enpresako Jon Gorostiagak.

Eskaera handia
“Galizia, Irlanda, Leon eta Bizkaiatik ekarri ditugu idiak eta hemen inguruko harategi eta erretegietara banatu ditugu. Idiak hiltegietara eraman baino lehen salduta zegoen haragi guztia. Normalean txuletak erretegietara saltzen dira eta gainerako guztia harategietara. Saiheskia izaten da iditik gutxien aprobetxatzen dena, grasa asko izaten duelako. Gainerako guztia oso ondo aprobetxatzen da”, azaldu du.
Oso haragi preziatua da idiarena: “Zapore handiko haragia da. Urte askoko ganadua izaten da eta zenbat eta zaharragoa, zapore handiagoa izaten du. Berez ere, zapore handiko haragia da idiarena. Guk ekarri ditugun idi hauek hamar edo hamabi urte ingurukoak ziren, baina hogei urteko idiak ere gizentzen dira”.

Bizkaiatik ekarritako idiak Tolosako hiltegian hil zituzten, gainerakoak, hilda ekarri zituzten. “Tenperatura hotza mantentzen duten kamioietan ekarri da haragia eta guk hemen zatitu egiten dugu. Galiziako hiltegiak kamioiak ditu eta beraiek ekarri digute haragia, gainerakoak ekartzeko, garraio enpresak kontratatu ditugu. Lehendabiziko idiak abenduko bigarren astean hil ziren. Haragiak asentatzeko denbora behar izaten du, pare bat aste edo. Lehendabizi hildako idi haiek urte bukaeran banatu ziren. Urtarrileko bigarren astean banatuko dugu azken idia. Horrekin bukatutzat emango dugu idi haragia, momentuz”.

Txuletak
Dastatzen enpresak bost urte daramatza Asteasun. “Haragiaren salerosketan aritzen gara. Behiak, txekorrak eta garaia denean, arkumeren batzuk banatzen ditugu, latxa arrazakoak. Urtean zehar beste arrazaren bateko arkume gutxi batzuk ekartzen dira, baina oso gutxi.  Batez ere, txuletak banatzen ditugu, sagardotegi, jatetxe eta harategietara.
 Kalitatezko txuletak bilatzen aritzen gara Europa guztian zehar: Alemania, Frantzia, Irlanda… Kalitatea aurkitzeko, toki askotara jo beharra dago. Toki bakarrera mugatzen bazara, ez da erraza kalitatea mantentzea. Euskal Herrian oso zorrotzak gara haragiaren kalitatearekin eta horretan saiatzen gara. Bertako haragiarekin ez gara osatzen eta kanpora jo beharra daukagu. Beti esaten dut egunen batean mugak itxiko balituzte, astebetean bukatuko litzatekeela bertako haragia”, dio Jonek.

Txekor haragia Tolosako hiltegitik bertatik banatzen dute Dastatzenekoek eta Asteasuko egoitzatik, kanpotik ekarritako haragia banatzen dute,  bertan zatitu ondoren: “Haragitarako ganaduak konpentsazio ekonomikoa ekartzeko, produkzio handia eduki behar da, eta hemen oso zaila da hori lortzea. Alemanian, esaterako, sail handiak dituzte, makinaz lantzeko modukoak. Berdin gertatzen da Irlanda eta beste hainbat herrialdetan ere.  Euskal Herria oso menditsua da eta ez dugu horretarako biderik. Gainera, haragia handik hona ekartzea ez da garesti ateratzen, kiloko oso gutxi garestitzen da eta horrek oso zaila egiten du konpetentzia. Hemen kalitate oneko haragia egiten da, baina kanpotik ekartzen dena ere oso ona da. Oso sail onak dituzte eta kalitatezko haragia ekoizten dute”.
Idi haragia banatuta, ohiko lanetan murgilduko dira Dastatzen enpresako kideak. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!