Errota, aspaldiko garaien lekuko

Errota ugari izan zen garai batean Zizurkil eta inguruetan. Egun, itxita daude guztiak. Akezko errotara sartzea, ordea, urte batzuk atzera egitea bezalakoa da.

Bakailao fabrika ezagunaren atzealdean, Asteasu errekaren alboan dago Akezko errota. Kanpotik etxe dotorea, eta barnetik ondo mantendutako errota. Lurdes Arizmendi etxeko alabak azaldu du Akezko errotaren historia. “Familiako errota izan da beti. Gure kasuan, aitak jaso zuen herentzian errota eta nire gurasoak Donostiatik hona etorri ziren orain 60 bat urte”. Errotara etorri, eta bertan osatu zuten familia. Lurdesek bizi-bizi ditu txikitako garaiak.“Nire aitak kanpoan egiten zuen lan eta ama hemen egoten zen, errotari gisa. Jendea artoarekin etortzen zen eta amak egiten zien harrera. Egiten zen tratua honakoa zela uste dut: Ekartzen zuten 10 kilo artoko, kilo batekin gu gelditzen ginen”. XX. mendearen erdi aldera handia izaten zen jendearen emana. “Jende asko astoarekin etorri ohi zen, baserritarrak ia guztiak”.

Ura, oinarri
Errotan bizi zen familiarentzat, ura, edateko zerbait baino askoz gehiago zen. Akezko errotan argi indarra ere urak ematen zien. “Bi ehogailu edo artoa txikitxeko makina genituen. Gero hirugarren makina bat bagenuen elektrizitzatea sortzeko. Etxeko argia ematen zigun hark uraren indarra baliatuz. Besteek artoa txikitzen zuten bezala, gailu horrek argia sortzen zuen. Urak ematen zigun guri bizimodua, argia eta dena”, oroitu du Lurdesek.
Urteek aurrera egin ahala ordea, behera egin zuen erroten funtzioak gizartean. “Garbi zegoen ohitura bukatzen ari zela. Etxera hurbiltzen zen jendea pixkanaka gutxitzen joan zen. Haur garaian beti bazen norbait, baina gerora ez. Azkenerako, etortzen zirenak kapritxoz etortzen ziren, taloak egin nahi zituztela eta bi kilo arto edo antzeko kopuruarekin. Garai batean ordea, animalientzat izaten zen asko, zaku beteekin etortzen ziren behiei eta baserriko animaliei irina emateko”. Hori bai, txikitzeko beti artoa ekartzen zuten. “Nik ez dut beste alerik ezagutu, beti artoa txikitu ohi zen.” Akezko errota duela 20 urte itxi zuten. “Erreka berbideratu edo garbitu zutenean utzi genion errota gisa funtzionatzeari”.

Ondarearen mantenua
Errota itxi arren, Lurdesek eta sendiak beti eduki dute garbi etxearen egitura mantendu nahi zutela. “Beti eduki dugu garbi errota mantendu nahi genuela. Horregatik, errota itxi arren, makinaria bere horretan utzi genuen txukunduta, gaur edo bihar martxan jartzeko moduan. Orain 20 urte erreka berbideratu eta garbitu zutenean, etxe ondoko presa bota egin zuten eta kalte ordainak eskaini zizkidaten. Nik ordea, errotak martxan segitzeko aukera izatea nahi nuen eta horregatik Udalarekin adostuta, hodi luze bat jarri genuen, urrunago dagoen ur hartze bateraino”.
Azken egunetan ordea, ura hartzeko hodia puskatu dute. “Bidegorria egiten ari dira etxearen atzealdetik eta ura hartzeko hodia hiru lekutatik puskatu dute.Udalari eskatu diot konpontzeko, lehen elkarrekin adostu genuelako. Nik beti eduki nahi dut errota martxan jartzeko aukera. Pieza guztiak bere lekuan daude eta ukitu batzuk eginda, hodia konpontzen badute, funtzionatzeko moduan egongo da”. Egia esan, Arizmendi familiak bikain gorde du errotaren berezko egitura, garai bateko pisu, mailu eta bestelako tresneria guztia bezala.

Errotako soinua
Martxan zegoen garaian, oso soinu berezia izaten zen Akezko errotan. Artoa eror arazten zuen egurraren kinkiti-kankatekoak etengabeak ziren. “Askotan hurrengo egunerako irina agindu eta gau guztia lo egin ezinik egoten ginen ateratzen zuen hotsagatik”. Egun ikus daitekeen moduan, artoa txikitzeko bi gailuetatik kutxa handi batera erortzen zen irina, handik zakuetan sartu eta eramateko. Eguneroko lanaz gain, errotak bazituen egin beharreko mantenu lan batzuk. Esaterako, ehogailuek azpian duten harria urtero pikatu behar izaten zen, eta baita uraren kanala garbitu ere. “Urtero garbitu behar izaten genuen, harri eta bestelakoak pilatzen zirelako. Gizon ugari elkartzen zen lan horretarako”.
Egun, errekari begiratu eta tristura etortzen zaio Lurdesi. “Askoz garbiago zegoen orain urte batzuk. Karramarro eta amuarrainak harrapatzen sekulako saioak egiten genituen txikitan. Pixkanaka zikintzen joan da. Alde batetik, baserrietako pixarena arazo larria izan da. Bestetik berriz, enpresetako azido eta zikinkeriak ere eragina izan du. Gogoratzen naiz, egun batean amuarrain asko agertu zela hilda, sekulako pena eman zidan”. Hala ere, bada esperantzarako arrazoirik ere. “Aspaldiko partez, orain egun batzuk amuarrain bat ikusi nuen. Ez dakit orain hasi diren berriz edo egun bateko kontua izango zen”. Erreka garbiago edo zikinago, bere emariari begira tinko dirau Akezko errotak, bien arteko lotura zaharraren adierazle.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!