Oria merkatari elkartea, aurrera

Mari Karmen Iztueta eta Mari Jose Irazusta Oria merkatal elkarteko lehendakari eta lehendakari-ordeak, Gabonetan zehar egindako lanaren erantzuna baikortzat jo dute.

Nola erantzun du jendeak antolatu dituzuen ekimenen aurrean?
Mari Karmen Iztueta:
Uste baino hobeto. Baina oraindik azkar samar izango da benetako eragina nabaritzeko. Gu, aparkalekuaren gainean aritu gara lan eta lan, ez baitiogu nahi adinako etekinik atera. Batetik, jende gutxi urreratu da eta bestetik, Udalak eta merkatariok ez ditugu ideia bateratuak izan ordutegiari eta aparkatzeko egunei begira. Hurrengo Gabonetarako adostu egin beharko ditugu gai horiek.
Mari Jose Irazusta: Jendeak ere ez du gehiegi erantzun aparkalekua dela eta. Gauza berri guztietara ohitzeko denbora behar izaten da eta Gabonetan plazan aparkatzeko aukerari begira ere horixe gertatu da: jendeak ez duela garaiz jakin.

Zuek urte guztian goizez plazan aparkatzeko aukera izatea bultzatzen duzue…
M.K.I.:
Bai, baina ia ezinezkoa izango da hori. Batetik kalea oinezkoentzat egokitu delako eta ondorioz, kontraesankorra dirudi plazan aparkatu ahal izatea. Hala ere, goizetan, ordu bata arte Kale Nagusia irekita baldin badago, kalea itxi artean behintzat, guri ez zaigu kontraesankorra iruditzen plazan kotxea utzi ahal izatea. Udalak pentsatu egin beharko du erosketak egin ahal izateko non aparkatu behar den erdigunean. Erosketak egin behar dituenak ez du herriaren kanpoaldean aparkatzen, herritik merkatalgune handietara alde egiten du.
M.J.I.: Beste aukerarik ez dagoen bitartean, plaza egokia iruditzen zait aparkatzeko. Kanpoaldeko auzoetan ez bezala, erdigunean ez dago aparkatzeko aukerarik. Irtenbideren bat aurkitu behar da.

Megafoniaren gaia dela eta denak ez dira gustura agertu. Kableak moztu zituen norbaitek…
M.K.I.:
Norbaiti ideia eta kantuak gustatu ez bazitzaizkion edo ordutegia desegokia iruditu bazitzaion, kexua azaldu beharko zuen udaletxera joanda edo gugana etorrita. Agian ez genuen aukera ona egin, baina kableak moztu beharrean, beste bide bat aukera zezakeen.
M.J.I.: Musika azkarregi jarri genuela konturatu gara. Baina gauza horiek hitz eginda konpontzen dira.

Egindako lanaren emaitzarekin gustura?
M.J.I.:
Oso harrera ona izan du zozketak eta gu ere gustura geratu gara: jendea gustura ikusteak gu ere animatu egin gaitu.
M.K.I.: Guk gure lanak ondo bete ditugula uste dugu. Baina gainean egon behar izan dugu elkartetik kanpo bideratzen den hainbat arduratan. Argien kontuarekin, esaterako.

San Tomas egunean, Olentzaro edo Errege magoen etorreran parte hartu duzue…
M.K.I.:
Jendeak laguntzea eskertu egiten duela pentsatzen dugu. Aurrera begira ere, jarraitzeko asmoa dugu.

Zein bide hartuko duzue aurrerantzean?
M.J.I.:
Elkartean sartuta ez dauden erdigunetik kanpoko merkatariei parte hartzeko deia egingo diegu orain. Bilerak antolatuko ditugu elkarteko kide izan nahi dutenekin.

Merkatari horiek ondo ulertu al dute Gabonak igaro eta gero haiengana jotzea?
M.K.I.:
Badakigu protestak egon direla baina, gugana ez da inor etorri. Ez du inork lanerako interesik edo laguntzarik erakutsi. Guk haiengana jotzeko ardura hartu genuen arren, denok daukagu elkarteak aurrera jarraitzeko ardura pixka bat. Zerbaiten beharra sentitzen denean ez da itxaron behar, erantzun baizik.

Ekintza gehiago antolatzen jarraitzeko asmoa duzue, ezta?
M.K.I.:
Oraindik ez dugu ezer erabaki baina, umeei zuzendutako ekintzak antolatzeko asmotan gabiltza. Nik pertsonalki, plastikoa birziklatzeko ekimenen bat jarriko nuke martxan. Dendariok, plastikoa birziklatzeko neurriak hartu beharko genituzke bereziki, asko erabiltzen dugulako.
M.J.I.: Polita izango litzateke herriko dendariek utzitako arropekin eta ileapaintzaile eta makilatzaileen laguntzarekin Gurea antzokian desfile bat antolatzea. Villabonan ekintza gehiago antolatu behar da herriari bizitasuna emateko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!