Esther Urrutia, bidaiari nekaezina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urt. 10a, 19:21

Andoaindar internazional honek bost kontinenteetako hamaika txoko ezagutu du. Elkarrizketa honen bidez, mundura bidaiatzen saiatu da Aiurri.

Zure lehen bidaia noiz izan zen gogoan al duzu?
Esther Urrutia:
Nire familian, ahal zen heinean gustatzen zitzaien bidaiatzea. Zazpi eta zortzi urterekin Lurdesera joan ginen pare bat egunerako edo, baina nire lehen bidaia 13 urterekin egin nuen, amonarekin. Galizia eta Portugalera joan ginen amona eta biok talde batekin. 15 urterekin berriz, Madrilera joan nintzen ama eta aitarekin astebete igarotzera, eta gero karrerako lehen urtea gainditu nuenean Andaluziara joan ginen. Horiek izan ziren lehen irteerak, baina txikitatik banekien bidaitzea gustuko nuela. Oso gogoan dut 16 urterekin nola esan nion eskolan klasekide bati mundua zeharkatu nahi nuela, oso argi eduki dut hori beti. Liburuetan ikusitako lekuak ezagutu nahi nituen.

Egun, bidaiarik egin gabe imaginatzen al duzu zure burua?
E.U:
Ez. Nik oso garbi eduki dut beti hori zela nahi nuena, ezingo nuke etsi bidaiatu gabe. Nik ez dut bidaiatzen, beste askok bezala, jada bizitzan oinarri bat dutenean eta denbora edo dirua dutelako. Ni ez naiz horren zain egon, bizitza bidaiatzeko asmoaren inguruan antolatu dut. Nire helburua ez da izan ezkontzea eta seme-alabak edukitzea, independentea izatea baizik, hona erabat lotuko nauen ezer eduki gabe.

Pasioa, beharra... Zer da bidaiatzea zuretzat?
E.U:
Alde batetik mundua ezagutzea. Natura aldetik, historia aldetik, geografia eta kultura aldetik, hizkuntzak… Naturarena, biologiako irakaslea izanik asko interesatzen zait. Animalien espezieak, geologia kontuak…, asko ikasi dut bidaiatuz. Hori ohiko ezagutzari dagokionez, bestetik esperientziak daude: bidaiatuz bizi dituzun esperientziak, espero gabeko aukera eta bizipenak. Horiek asko betetzen zaituzte. Ni bidaien bidez globoan ibili naiz, rafting egin dut, inoiz pentsatuko ez nituzkeen animaliak jan ditut, lagunak egin ditut… Azken urteetan berriz, orain arte sentitu ez dudan beharra ere bete didate bidaiek, hemengoarekin ahazteko beharra. Hemengo lan edo estresa ahazteko modu bat ere badira niretzat, baina hori ez da inondik inora bidaiatzeko arrazoia, beste hainbaten kasuan bezala.

Eta zer irakaspen eman dizu munduan barrena ibiltzeak?
E.U:
Argi utzi dizkit bi gauza. Alde batetik, gizaki guztiok oinarri komuna dugula. Oinarrian antzekoak gara baina, aldi berean milaka tradizio eta kultura dugu. Hau da, japoniarrak izan litezke era batekoak izaeraz eta txinatarrak berriz juxtu kontrakoak, baina behin tratua lortzen duzunean, gizaki guztiok antzekotasunak ditugu.
Bestalde, bidaiatzeak mundua zeinen ederra den erakutsi dit, monumentu eta pasaia ahaztezinak ditugu gure planetan.

Jende askori entzun ohi diogu geurea bezalako lekurik ez dagoela munduan…
E.U:
Hori esaten duenari esango nioke mundua ez duela ezagutzen. Kontua da nola bidaiatzen duzun. Asiako beste puntara baldin bazoaz baina, hemengo janariaren antzekoa jan nahi baduzu edo hemengo bizitzaren antzekoa egin nahi baduzu, hobe zenukeen etxean geratzea. Garbi dago, gu, lehen munduan bizi garela eta bidaia-leku askotako baldintzak ez direla hain onak. Baina beste leku askotakoak bai. Azkenean, ez duzu bidaiatu behar hemengo bera aurkitzeko, horretarako ez ateratzea da onena. Bidaiatzeko premiazkoa da mentalitate irekia edukitzea. Gero, gozatzeko garrantzitsua da bertako jendearekin hitz egitea, kontaktu hori edukitzea. Bidaia antolatu batean noanean ere, saiatzen naiz denbora libre ugari duen bidaia mota hartzen, nire erara jendearekin egoteko, janari tipikoak dastatzeko... Badaude bidaia antolatu oso itxiak, horiek ez ditut atsegin.

Leku batera berriro bueltatu beharrean, txoko berrietara jo izan duzu. Nora bueltatuko zinateke, ordea?
E.U:
Dagoeneko itzuli naiz San Frantzisko hirira. Liluratuta naukan hiria da. Europear estilokoa da alde batetik, eta amerikarra bestetik. Sekulako arraza nahasketa dago, gainera. Kultura asiatikoa daukazu leku batean, polakoa edo italiarra bestean, eta aldi berean, oso hiri aurrerazalea da. Bertan sortu zen hippie mugimendua, teknologia arloko hainbat aurkikuntzen gune izan da, bertako unibertsitateak beste pentsaera bat du… Hori guztia nabaritzen da. San Frantziskoz gain, Vietnamgo kostako leku batzuetara itzuliko nintzateke, bertako jende eta giroagatik. Natur mailan berriz, Kenia edo Estatu Batuetan dauden parke natural hainbatek liluratuta naukate.

Noiz hasten da Esther Urrutiaren bidaia bat?
E.U:
Joan baino hilabete batzuk lehenago. Bidaiaren arabera izaten da, libretik edo talde batekin zoazen esaterako. Hala ere, normalean aurretik noan herriaz informatzen naiz, zer ikusi, zer berezitasun dauden eta horrelakoak. Libretik banoa berriz, hotel nagusiak hartu, behar izango ditudan garraioen txartelak erosi, bisatu edo txertorik behar den informatu eta nolabaiteko diseinu bat egiten dut. Iaz esaterako, munduari buelta eman genionean, askoz lehenagotik hasi ginen, hegazkinak, hotel nagusiak eta behar zen guztia antolatzeko. Gero, unean bertan molda zaitezke, baina nagusiena aurretik eginda.

Talde antolatu batean edo zure aldetik, nola nahiago?
E.U:
Bidaiaren arabera. Leku batzuetara merezi du bidaia antolatu batean joatea eta beste batzuetan, berriz, ez. Garapen bidean dauden herrialde hainbatetan esaterako, ona izan liteke hotel eta garraio oinarrizkoa ziurtatua edukitzea eta gida bat edukitzea. Aldiz, lehen mundua deitzen dioguneko hiri batera ni ez nintzateke talde antolatu batekin joango. Hori bai, esperientziak erakutsi dit talde antolatu bat beharrezko dela parke nazionalak edo natur gune handiak ikusterakoan, bai AEBtan, bai Kenian edo Tanzanian… Zu libretik bazoaz, denbora izugarri gal dezakezu joan-etorrietan bakarrik eta gainera ez duzu behar bezala ikusten bertako fauna eta flora. Gida on bat ezinbestekoa da.

Ezagutzen ez duzun zein lekutara joateko asmoa duzu?
E.U:
Alaska daukat orain buruan. Ziurrenik, aurten ez naiz joango baina hurrengo urtean bai. Leku hotz eta glaziarrak ezagutzea falta zait, eta aukera ona izan liteke. Pazifikoko lekuak ezagutu nituen iaz, Hawain egon nintzen, eta orain aldatuz, hotzera egin nahi nuke.

Bost kontinentetan izan zara. Bakoitzean nabarmenduko zenituzken hiruzpalau leku…
E.U:
Asian, Japonia aipatuko nuke, Asia tipikotik urruntzen den leku berezi gisa. Ohiko leku gisa, Vietnam nabarmenduko nuke, asko gustatu zitzaidan. India berriz, berezia da baina ni ez ninduen erakarri. Afrikan parke naturalak aipatuko nituzke, bai Kenian eta baita Tanzanian ere. Eta gero noski, kulturalki eta historikoki Egipto ezin ahaztu. Hego Amerikan, Peru nabarmenduko nuke, kolonizatu aurreko kulturen mantenuagatik. Natura mailan berriz, Brasilen Amazonia izugarria da. Ipar Amerikan ostera, Mejiko herrialde gisa eta Estatu Batuetako hainbat hiri eta parke natural aipatuko nituzke. Europan, kulturalki Italia eta Espainiak dute ondare handiena, zalantzarik gabe. Azkenik, Ozeanian, Austrailia gainbaloratuta dagoela uste dut.

Bereziki harritu zaituen jende edo txokoren bat?
E.U:
Txarrerako, Tibeteko jendea itxia iruditu zitzaidan eta antzeko jarrera dute Europako herrialde komunista izandakoetan ere, Txekian kasu. Kontrakoa dira japoniarrak, izugarri zaintzen zaituzte. Leku gisa, iaz Hawain ikusitako Kilauea sumendia aipatuko dut eta baita Yellowstongo parke naturala ere. Leku zibilizatu gisa berriz, Tokio eta Matxupitxuko haran guztiek aho zabalik utzi ninduten.

Bidaiekin ez, baina munduko gastronomiarekin Aiurrira lotuta jarraituko duzu...
E.U:
Bai. Herrialde bakoitzak, txoko bakoitzak, eskualde bakoitzak du bere gastronomia. Ohitura horien berri ematen saiatuko naiz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!