Sorabilla, Arralde egun batez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urt. 10a, 19:19

Imanol, Julia, Leonor, Koldo, Joseba, on Luis… Goenkaleko pertsonajez bete zen Sorabilla urtarrilaren 8an.

Goizean goiz hasi zen kamera, foko eta bestelakoen mugimendua eta arratsaldera arte ez zen eten. Grabatu beharrekoa, hileta bat. Goenkaleko produkziokoek adierazi digutenez, bi arrazoi nagusik bultzatuta aukeratu zuten Sorabilla hileta egiteko gune gisa. “Alde batetik, eliza txikia izatea nahi genuen, eta bestetik berriz, herri lasaia izatea. Sorabillak biak betetzen ditu”.

Sekulako ikusmina
Auzotarren artean ikusmin handia sortu zuen Goenkaleren grabazioak. “Sekulako muntaia da”, entzuten zen gehienen ahotan. Txikienek berriz, ez zuten aukera galdu euren aktore gustukoenei autografo bat eskatzeko. Gainera, eskualdeko hainbat pertsonak ere parte hartu zuen grabaketan, figurante gisa jubilatu mordoa elkartu baitzen eliza betez. Zein pertsonaia hil den jakiteko ordea, Goenkale ikusten jarraitu beharko duzue, astelehen eta astearte gauetan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!