Zer erosi dugu eskualdean oparitarako?

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urt. 10a, 19:14

Gabon garaiak usadio eta ospakizun asko biltzen du bere baitan. Horien artean, Olentzaro edo Errege magoen etorrerarekin batera, opariak egiteko ohitura aspaldidanikoa da.
Eskualdeko merkatariek Gabonetako opari salmentaren berri azaldu dute.

Beatriz Gomezek bi aldiz pentsatu behar izan du Gabon garaian gehien zer saldu duen azaltzeko, “ez dakit, horrenbeste gauzen artean, denetarik saltzen da. Detaile moduan asko saltzen dira buff-ak, poltsatxo txikiak eta galtzerdiak. Bai, galtzerdiak urtero. Bestela, zapatilak, kamisetak edo galtzak ere asko oparitzen dira”. MP jantzi-dendako Naiara eta Leire Loinazek, “guk txamarrak eta jertseak saldu ditugu gehien”, azaldu dute. “Gabon garaian mugimendu handia izaten da, Olentzarotarako Erregetarako baino gehiago saltzen dugu guk”. Amane jantzi eta pitxi-dendako Maite Odriozabalak zalantza egin du, “denetarik. Poltsak eta arropak bereziki. Pitxiak ere asko”. Denda handien eragina txikiengan nabarmena dela uste du Maitek eta, ez dagoela oparitarako dirurik. “Maileguz lepo dago jende gehiena. Ez da lehen bezala, orain pertsona bati egiten zaio oparia eta kito”. Eizmendi kirolak-eko Maixabel Zendoiak oinetakoa baino arropa gehiago saldu dutela adierazi du, “zailagoa baita oinetakoen neurriarekin asmatzen”. Haurrentzako txandalak eta helduentzako galtzak eta sudaderak saldu dituzte gehien. “Aipagarria da aurten nabarmen behera egin dutela Realeko eskaintzek. Lehen asko saltzen ziren eta orain batere ez. Euskal selekzioak atera duen jantzi berria oso ondo saldu da”. Haurrak dauden etxeetan Olentzarotan egiten dira opariak Maixabelen ustez, “Erregeena lehengo usadioa da, aiton-amonek mantentzen dute bereziki”. Jantziak neurrira egin eta konpontzen dituen Amaia Iturgaizek Gabon garaian, festetarako soinekoak egiten ditu gehien, “aurten oihal bereziko soineko motzak egin ditut denak”. Jantziak egiteaz gainera, eskuz lantzen ditu pitxiak Amaiak, “pitxiak ere gehiago saltzen dira garai honetan eta arropen konponketek ere gora egiten dute”.

Andoainen, Ormendi kirolak dendako Izaskunek Eguberrietako kanpaina gogorra izan dela azpimarratu du: “Euroak poltsikoetan min egin du eta hori asko antzeman da”. Eguberri garaian denetarik saltzen dutela azpimarratu du: “Beharbada, Olentzarotan haurrei oparitzeko gauzak erosten dira gehiago eta Erregetarako, helduentzat. Haurrentzat gehiago saltzen dira futbolerako baloiak eta horrelakoak arropa baino. Helduentzat berriz denetarik saltzen da, kirolerako poltsak, arropa…”.

“Kanpaina orokorrean ondo joan da, baina azken egunetan geldialdia izan zen. Guk lan gehiago egin dugu Olentzarotarako Erregetarako baino”, azaldu du Más de una dendako Maddalenek. “Denetarik saldu dugu, baina batez ere kamisetak eta barruko arropa eskatu digu jendeak”, gaineratu du.

Gloss jantzi-denda 2007an zabaldu zuten, haientzat hauxe izan da lehendabiziko Eguberri kanpaina, beraz: “ez daukagu erreferentziarik aurtengo kanpaina zer moduzkoa izan den esateko. Jende gehienak aurreko urteetan baino salmenta gutxiago egin dela dio. Gure dendan gehiago saldu da Erregetarako Olentzarotarako baino, eta batez ere, osagarriak saldu dira, detaileak egiteko”.

Liburuak erdaraz
Liburuen salmentari dagokionez, mota guztietako iritziak bildu ditugu gure eskualdeko dendetan. Villabonako Kazetaria liburu-dendako Amaia Olanok oso liburu gutxi saldu dutela azaldu du, “haurrentzat ipuin asko saldu dugu, baina helduentzat oso liburu gutxi”. CDak ere gutxi. Haurrei zuzendutako jolasak aipatu ditu bereziki, “puzzleak, partxisa…, gisa horretako jolasak saldu ditugu gehien”. Basajaun liburu-dendako Rosa Gomezek ere haurrentzako ipuinak bai baina, helduentzako libururik apenas saldu duen. “Saldu direnen artean, argitalpen berriak nagusitu dira; gaztelaniaz idatzitakoak euskarazkoak baino gehiago”. Andoaingo Stop liburu-dendan berriz, pozik daude salmentekin. Hori bai, hemen ere gaztelerazkoak nagusi izan dira euskarazkoen gainetik. “Los pilares de la tierraren bigarren zatia, Un mundo sin fin izenekoa asko saldu da. El niño de pijama a  rayas, Boyneren liburua ere ondo saldu sa. baita Jose Antonio Pagolaren Jesus edo Setienen azkena”, adierazi du Mariluz Marzolek. Euskarazko salmentan ez dela liburu izarrik izan uste du Ernaitza liburu dendako Garikoitz Plazaolak. “Marradun pijama duen mutikoa saldu da eta Euskal Hiria sutan ere bai. Liburu honek Euskadi sariaren ostean gorakada izan du. Hala ere, egia da euskaraz banatuagoa egon dela liburu salmenta”. Liburuaren salmentak hainbat lekutan beherakada izan duela aipatzen den arren, Stop liburu dendan oraindik asko oparitzen dela diote: “liburua ondo saltzen da garai hauetan. Oso opari erraza da, zer oparitu ez dakiten askorentzat aterabidea”.

Mahai jolasak, euskaraz
Eskaintza zabalaren artean, euskal jolasek izan dute arrakasta nagusia, Basajaunen nabarmendu duten bezala. “Mihiluze jolasa agortu egin zitzaidan. Matraka ere dezente saldu dut. Gainontzean, telebistan iragartzen diren jolas klasikoak ere bai, baina gutxiago”. Ernaitza liburu dendan ere telebista saioan oinarritutako jolasa aipatu dute. “Mihiluze agortu egin zen Gabonen hasieran. Ez dakit zenbat joku aterako zituzten baina uste dut ez zela tirada txikia izango, beraz arrakasta handia izan du. Bestalde, Pirritx eta Porrotxen panpinek arrakasta handia izan dute, asko saldu dira”.

CD eta DBDei begiratuz haurrei zuzendutakoak saldu direla gehien nabarmendu du Villabonako  Eihera liburu-dendako Bea Medranok. “Pirritx eta Porrotxena edo The Barbierena batez ere”. Helduei dagokionez berriz, Ken 7 asko saldu dela aipatu dute Ernaitzan.  “Zalantzarik gabe, Ken 7 saldu da gehien. Durangon asko saldu zela esan zuten baina, handik kanpora ere salmentak handiak izan dira”. Ohiko opariez gain, ordea, bestelakoak ere ikusten dira. Eskolako lagunen artean lagun ezkutua egiteko detailetxo ugari saltzen da Gabonetan, baita apaingarri txikiak ere. “Olentzarotan haurrentzako opariak saltzen dira gehien. Erregetan berriz, helduentzako agendak, boligrafoak, liburuak edo billeteroak”. Stopen sobre ugari saldu dute aurten. “Harrituta geratu gara, jende askok eskatu dizkigu sobreak dirua sartzeko. Dirudienez, gero eta ohikoagoa da  jendeak dirua oparitzea, buruhauste handirik gabe. Horretarako sobre txiki politak erosten dituzte”.
Salmentei orokorrean begiratuta, aurten gutxiago erosi ote den galtetuta, emaitza beste urteen antzekoa izan dela uste dute gehienek. “Guk antzeko sumatu dugu. Jendeak Gabon garaian gastatu egiten du”, diote Stopen. Ernaitzan aldaketa txiki bat sumatu dute, ordea:
“Nik uste dut jendeak kopuru txikiagoko erosketak egin dituela. Prezioari begiratu dio jendeak iaz baino gehiago ez gastatzeko. Aldaketa hori sumatu dut”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!