Sahara herriaren aldeko euskal karabana

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urt. 10a, 10:55

Eguberrietan merkatalgune ezberdinetan janari bilketari ekin zaio Andoainen eta Urnietan. Oraindik ere Andoainen elikagaiak emateko aukera badago. Aste hauetan haur eta gaztetxoek ikastetxeen bidez parte har dezakete janari bilketan.

Kanpainaren Gipuzkoako koordinatzaile Luisma Lopezek parte hartzera deitzen du, sahararrek duten premia larria baita.

Saharan egon berria zara aste batzuez. Nola aurkitu duzu?
Luisma Lopez.
Egoera okerragoa da. Hiru hilabetez, garia bezalako oinarrizko osagairik gabe egon dira. Haiek etxean egitetik erostera garesti ateratzen zaie. Bertan banatzeko elikagai falta dago, eta biltegiak ere hutsik daude. Medikamentu kopuru gutxi dago.

Nola bizi izan dituzu asteok?
L.L.
Ezberdina da, proiektu batean kolaboratzen zabiltzanean. Beste errealitate bat ikusten duzu, askoz errealagoa da eta haiek nola bizi diren hobeto ikusten duzu. Elikagai falta eta dituzten gabeziak nabariak dira.

Funtsezkoa da beraz, nazioartetik bertara iristen den laguntza?
L.L.
Nazioarteko laguntzaren menpe daude. Gipuzkoatik bidaltzen dugun laguntza garrantzitsua da, baina gutxi da dagoen jende kopururako. Azken aldian, laguntzak gutxitzen ari dira.
Berez, txantaia politiko modu bat da; protesta eginez gero, elikagairik ez. Laguntza iritsi ahala banatzen da, ez da “stock”ean ezer geratzen. Horrela ezin dira gutxieneko bizi baldintzak ere bete.

Iazko karabana zer moduzkoa izan zen?
L.L.
Oso ondo atera zen. Aurrekoetan baino dezente gehiago bildu zen, 300 tona inguru. Ia zerbait gehiago biltzen dugun aurten.

Hainbat proiektutan murgilduta zabiltzate?
L.L.
Telebista sahararra martxan jarri nahian gabiltza. Kamerak, bideo edizioa azaltzen egon gara. Bestalde, preso eta desagertu sahararren senitartekoekin lanean aritu gara. Aste Santuan ikasle talde bat doa hara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!