Musika albisteak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urt. 10a, 10:49

Ostiral honetan Andoaingo Gaztetxean Victim Chaos Japoniako taldea zuzenean arituko da. Andoaingo Kauta eta Inoren Ero ni taldeak albiste dira arrazoi ezberdinengatik.  Biak ala biak azken hilabeteetan emanaldiak eskaini gabe egon eta gero, asteburu honetan taulagainean arituko dira.

Kautak Iruñerriko Berriobeitin egiten den Hatortxu Rock jaialdi erraldoian parte hartuko du larunbat honetan, beste talde ezagun batzurekin batera. Euskal Herrian egiten den jaialdirik handienetakoa da, presoei elkartasuna adierazteko egiten dena.
Kauta taldeak 2006ko udazkenean “Biluzik” bigarren lan luzea aurkeztu zuenetik berrogeita hamar jaialdi inguru eskaini ditu Euskal Herri osoan zehar. Andoaingo gazte taldearen webgunean adierazten denez, dagoeneko disko berria prestatzen ari dira.

INOREN ERO NI TAULAGAINEAN
Larunbat honetan zuzenekoari berriro helduko dion beste taldea Bap!! taldearen errautsetatik sortutako Inoren ero ni taldea izango da. Zarautzen arituko dira eta datorren ostiralean Lizarran.
Berragerpen honetan taldekide berria izango du taldeak. Izan ere, orain arte aritutako Drakeren ordez Mariano Hurtado musikaria arituko da baxujole lanetan. Hurtado El hombre burbuja taldean aritutakoa da eta aurrerantzean Inoren ero ni taldeko kide izango da.
Abrego anaien taldeak laster aurkeztuko du bost kantu berri biltzen dituen binilozko lan berria, Anari edota Lisabo taldeekin batera sortu duten Bide Huts zigilupean. Zigilu berri horretako musika taldeen partaidetzarekin Bide Huts gaua ospatuko da Durangon, datorren urtarrilaren 26an.

JAPONIAKO MUSIKA DOINUAK GAZTETXEAN
Ostiral honetan Andoaingo Gaztetxean Victim Chaos Japoniako taldea zuzenean arituko da. "Hard Rock and Roll" estiloko taldea da eta, diotenez, zuzenean indartsu entzuten da. "Victim from Chaos" diskoa aurkeztu zutenetik Japonian indarra hartzen ari da taldea. Kaki Arkarazo soinu teknikariaren Garate estudioetan disko berria grabatzera etorri da Nagoya hirian sortutako hirukotea. Bide batez Euskal Herrian zehar zuzenean ikusteko aukera izango da. Bertakoentzat aukerarik onena Andoaingo Gaztetxean, ostiral honetan bertan.
Bestela, larunbatean Inoren ero ni taldearekin batera Zarautzeko Gaztetxean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!