Zaborra kudeatzeko sistema berriak ezagutuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urt. 10a, 10:44

Katalunia eta Mallorkako zabor bilketa sistema eta konpostagailu guneak ezagutarazteko hiru egunetako bidaia antolatu du San Markos Mankomunitateak. Hainbat kazetarik, udal ordezkarik eta teknikarik parte hartu du bidaian, hango esperientzia ezagutu asmoz. Bertan da Aritz Gorriti Aiurriko kazetaria ere.

Asteartean abiatu eta ostirala bitarte, konpostagailu guneak eta atez-atekako zabor bilketa sistemak ezagutzeko aukera izan dute Mankomunitateak antolatutako bidaian parte hartu duten 45 pertsonek.

Kataluniako Argentona eta Canet de Mar izan dira bidaiko lehen helmugak. “Atez-atekako zabor bilketa nola egiten den azaldu digute lehendabizi eta ondoren, bertatik bertara ikusteko aukera ere izan dugu. Herri hauetako kaleetatik desagertu egin dira ohiko zabor-ontziak eta horien ordez, etxe, denda eta hainbat enpresetako atarietan hondakinak bereizita uzteko ontzi ezberdinak jarri dituzte. Hondakin mota bakoitza ontzi horietara ateratzeko egun eta ordutegi ezberdinak finkatzen dituzte. Egun batean papera, hurrungoan zabor organikoa, datorrenean ontziak…”, azaldu du Aritz Gorriti kazetariak.

Balorazio ona
Mota honetako zabor bilketa sistema martxan jartzeko, behar beharrezkoa da herritarren ohiturak aldatzea. “Informazio kanpaina luzeak eskatu ditu sistema aldaketa honek, baina orain arteko emaitzak onak direla azaldu digute. Adibidez, Argentonan ohiko zabor-bilketa sistemarekin zabor organikoaren %12-15 bereizten zen eta gaur egun, %52ra iristen dira eta Caneten dagoeneko zabor organikoaren %65a bereizten dute”.
Dagoeneko hirurogeita hamar herritar jarri da martxan atez-atekako zabor bilketa sistema. “Bertako hainbat Udaletako ordezkariekin hitz egiteko aukera izan dugu eta sistema berriaren balorazio positiboa egiten dute hemen”, gaineratu du.

Konpostatze guneak
Gainera, hiru egunetan zehar hainbat tokitako konpostagailuak ezagutzeko aukera izan dute. Esaterako, Penedeseko konpostagailu gunean hondakin organikoak konpostatzearen prozesua ikusi eta horrek ekartzen dituen ondorioak ezagutu dituzte.
Kataluniako Plana Makomunitatean ontziak bereizteko planta ere ikusi dute eta ostegunean, Mallorkara bideratu ziren. Bertan Calviako konpostatze planta eta Puigpunyenteko hondakinen kudeaketa eta bilketa sistema ezagutzeko aukera eskaini zitzaien San Markos Mankomunitatearekin joandakoek.

“Orain arte ikusitakoa kontuan hartuz, bidaian parte hartu duten udal ordezkariek hemen ikusitakoaren balorazio positiboa egiten dute. San Markos Mankomunitatean sartzen diren herrietako ordezkariez gain, Villabona, Elgeta edota Bergarako ordezkariak ere etorri dira. Egun gutxitan informazio asko jaso dugu eta horrez gain, bertatik bertara ikusten ari gara herri bakoitzean jaso dituzten emaitzak”, gaineratu du Aritzek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!