"Egin txokoa euskarari txokoan" ekimena

Tolosako euskalgintzak, bertako hamabi udalerritako Udalek eta Kontseiluak "Egin txokoa euskarari txokoan" ekimena aurkeztu zuten joan zen asteazken arratsaldean Zizurkilgo Urkamendi elkartean.

Galtzaundiko Nora Olano, Lizardi kultur elkarteko Iñaki Azaldegi, Tolosako EAko zinegotzi Andoni Iturzaeta, Zizurkilgo EAJko alkate Maria Anjeles Lazkano, UEMAko kide eta Adunako EAEko zinegotzi Miren Aburuza eta Kontseiluko kide Zigor Etxeburuak osatu dute mahaiburua eta haiek hartu dute hitza.

Ekimenaren helburua Tolosaldeko elkarte gastronomikoetan euskararen erabilera sustatzea dela azaldu dute eta horretarako, hainbat ekintza prestatu dituztela. Urrats ugari izango du egitasmoak, "hasteko, euskalgintzako ordezkariak elkarteekin harremanetan jarriko dira eta hainbat euskarri eskainiko zaizkie, hala nola, kontuak euskaraz egiteko euskarria eta, edaria, elikagai zein elkarteetan gehien erabiltzen diren esaldiekin UEMAk prestatutako hiztegia". Elkarteek euskararekiko duten egoera ere neurtuko dute, "ekimenean parte hartzea erabakitzen duten elkarteei, kontuak euskaraz egiteko euskarri digitalizatua aurkeztuko zaie. Ondoren elkarteetan euskararen egoera neurtzeko Kontseiluak sortutako tresna, galdetegia, igorriko zaie, euren egoera aztertzeko aukera izan dezaten. Horren bidez, oraindik urrtas gehiago behar al dituzten jakingo dute eta bide batez, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko proposamena luzatuko zaie", azaldu du Nora Olanok.

Elkarlana bultzatuz

Iñaki Azaldegik Tolosaldeko elkarte guztiak animatu ditu ekimenean parte hartzera, "elkartearen hizkuntza egoera aztertzen, gabeziak identifikatzen eta hauei konponbidea ematen lagunduko digute kanpainaren eta Ziurtagiriaren bidez". Andoni Iturzaetak euskara bultzatzea guztion ardura dela eta ekimen txikietatik lortzen direla helburu handiak esan du, "euskara guztiona da eta euskarak batzen gaitu". Maria Anjeles Lazkanok erabilera bultzatu behar dela gogorarazi du, "ongi dago euskararen alde egitea, baina euskaraz egitea da garrantzitsuena". Miren Aburuzak, berriz, ekimenean parte hartuko duten Udalak eta bereziki, Galtzaundi eta Kontseilua zoriondu ditu eta "erabilera sustatzeko herrietako Udalak euskalduntzeaz gain, herria bera euskaldundu behar da", gaineratu du. Zigor Etxeburuak Tolosan 2001 urteaz geroztik erabileraren alde lanean ari direla aipatu du eta Kontseiluak "Bai Euskarari" leloa goiburu izan badu ere, aurrerantzean urrats bat eman eta "Euskaraz bai" lelora jauzi egingo dutela esan du. "Tolosaldean, pauso hau ematen lagundu digute eta horrela, guztiok elkarrekin lortuko dugu goiburu berria errealitate bihurtzea".

Ekimenean parte hartuko duten Udalak: Anoeta, Irura, Alegia, Ikaztegieta, Aduna, Altzo, Orexa, Baliarrain, Tolosa, Ibarra, Zizurkil eta Villabona.

Urkamendi elkarteko bazkideei galdezka 

Jabier Perez
1.- Berria naiz hemen. Duela hiru hilabete egin nintzen bazkide. Hala ere, biak entzuten direla esango nuke. Agian euskara gehiago, jende gaztearen artean bereziki.
2.- Ekimena ez dut ondo ezagutzen baina, ondo iruditzen zait. Euskara indartzeko egitasmoak lagungarri dira. Bereziki oso egokia iruditzen zait hiztegiak banatzea. Ondo etorriko dira, niretzat ere bai. Euskaraz gaizki hitz egiten dudan arren, saiatzen naiz.


Bernardo Niebla
1.- Bietara entzuten da. Ez dut uste bazkideen adinak euskaraz edo gaztelaniaz hitz egitea baldintzatzen duenik.
2.- Euskara ikasteko eta zabaltzeko lagungarri den bitartean, ondo iruditzen zait ekimena. Jakitea inoiz ez da soberan izaten. Nik ez dut euskaraz batere ulertzen. Nire garaian Francok debekatu egin zuen euskaraz hitz egitea eta geroztik ez dut ikasi.


Jose Angel Moreno
1.- Gaztelania. Nire adineko jendeak, euskara jakin arren, gutxi hitz egiten du. Gazteek gehiago.
2.- Ideia ona baina, zaila iruditzen zait. Elkartera etortzean, inork ez du zein hizkuntzatan hitz egingo duen pentsatzen. Euskaltegira joan izan naiz urte askoan eta etxean denek dakite euskaraz. Baina nik, hanka sartzerik ez egiteagatik ez dut hitz egiten. Gainera, elkartean dakizuna euskaraz egiten hasiz gero, barre egiten dizute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!