Udal aurrekontuen proposamenaren aurkezpena

Urtarrilaren 3an, Udal aurrekontuen proposamena aurkeztu zuten EAE-ANV alderdiko hainbat kidek Gurea antzokian.


EAE-ANV alderdiko hainbat zinegotzik 2008rako Udal aurrekontuen behin-behineko proposamena aurkeztu zuten herritarren aurrean urtarrilaren 3an Gurea antzokian eta 10ean Amasako Kultur Etxean. Aurkezpenaren hasieran argitu zutenez, “behin-behineko proposamena da hau. Urtarrilaren 16a izango da onarpen data”. Egun horretatik aurrera, aurrekontuen proposamena udaletxean bertan herritarrentzat eskuragarri jarriko dela ere jakinarazi zen. Hautsi Izagirre zinegotziak joan zen urte amaieran herrian egin zen galdeketaren berri eman zuen. “Harrera ona izan du galdeketak. Era guztietako 80 erantzunetik gora jaso dugu. Erantzun horiek ondo erakusten dute zein bide jarraitu behar den aurrerantzean”. Galdeketan jasotako erantzun gehienak ondoko gaien ingurukoak izan dira: Aparkalekuak, trafikoa modu zorrotzagoan onartzea, badenak eta oinezko pasabideak jartzea, pabimenduak, argiztatze gehiagoren beharra, parkeen hobekuntza, eserlekuak eta aterpe gehiagoren beharra edo edukinontzi berriak jartzea. “Begi-bistako arazoak dira horiek guztiak baina, iritzi gehiago ere jaso dugu. Otsailean argitaratuko den aldizkarian emango dugu iritzi  horien guztien berri, dozenaka begik lau begik baino gehiago ikusten duelako”. Galdeketaren emaitzak jasotzeko epea joan zen abenduan amaitu bazen ere, herritarren iritziak etenik gabe jasotzen jarraitzeko gogoz daudela azaldu zuten. Udaletxea edo webgunea dira proposamenak egiteko bi bideak.

Gizarte zerbitzuek, kopururik altuena
Josune Arretxek gastu arruntez eta sarrerez hitz egin zuen, “gastu arrunta ahalik eta gutxien igotzen saiatu gara. Ez genuen inola ere herriko taldeen diru-laguntzen bizkar egin nahi. Borondate hutsez lanean ari den jendearen lana eskertu egin behar dela iruditzen zaigu eta ahal den neurrian, diru-laguntza horiek handitzen ahalegindu gara”. Aurtengo aurrekontuetan zerbitzuei eta Gizarte Zerbitzuei eskaini zaie diru kopururik altuena, “Gizarte Zerbitzuetan eskaera handitu egin denez, handitu egin da diru-laguntza ere”. Bestalde, kulturako partida ere igo egin da. “Apustu garrantzitsua egin da zinema berriro martxan jartzen. Jendearen erantzunaren baitan erabakiko dugu jarraipena urtearen erdi-aldera”. Bestalde, aurreikusitako ekintzei erantzuteko bidea ere izango da, “gastu arruntei eutsi egin diegunez, margena handitu egin da eta horrek, urtean zehar sortzen diren aurreikusi gabeko ekintzei erantzuteko balioko digu”.

Aurreikusitako inbertsioak
Remi Aiestaranek 2008 urterako aurreikusitako inbertsioen berri azaldu zuen. Besteak beste, ondorengo hauek aipatu zituen: Argiteria: 20.000 €. Asfaltatzea: 36.000 €. Badenak: 30.000 €. Jubilatuen lokaleko obra: 300.000 €. Gazte-lekua, proiektuaren azterketa: 3.000 €. Eskoletako obrak: 125.000 €. Izartu egitasmoa: 610.614 €. Musika eskolako fatxada eta teilatuko hegala: 15.200 €. Musika eskolako aurre-proiektua: 6.000 €. Gurea zinemako berogailua: 24.000 €. Aizkardiko lokaleko obra: 50.000 €. Zaharren egoitza: 225.000 €. Bestalde, aurten, diru kontuak direla eta, berezitasun bat badela aipatu zuten, “errepikatuko ez den txolloa dugu aurten. Izan ere iaz, 1.100.000 euroko mailegua eskatu zen udaletxean eta ez zen gastatu. Ondorioz eta denok jakin dezazuen, aurrekontuko zazpi milioi eurotan erreflejatuta ez dagoen kopuru hori ere izango dugu. Oraindik ez da 1.100.000 € horiek erabiltzeko inolako planteamendurik egin. Baina diru kopuru horren gastua modu planifikatuan egiteko asmoa dugu”.

Herritarren iritzia
Hogeita hamar lagun inguru bildu zen EAE-ANV alderdiaren proposamena entzutera. Aurkezpena amaitutakoan, eurena izan zen hitza. Eskolako lanen nondik norakoaz, Mintzola egitasmoaren etorkizunaz, Jubilatuen etxearen kokapenaren aldaketaz, Gazte-lekuaren kokalekuaz edo ezinduentzako bideak egokitzeaz galdetu zuten bertaratuak. Jubilatu elkarteko kide bat haserre agertu zen haiek leku aldaketa eskatu eta Zentroan kokatzeko proposamenarekin ados ez zegoelako. Ezker abertzaleko kideek proposamena guztiz irekia zela eta jubilatuen elkartea, eliza (lokalaren jabea) eta udaletxearen artean adostu behar zutela erantzun zioten. Aldaketa gustukoa ez bazen, dauden lekuan geratzeko aukera hor dagoela adieraziz.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!