Erregionala
Erregional mailako taldeak aurreko denboraldian lortu zuen mailaz igotzea eta denboraldi honetako helburua mailari eustea du. Orain arte 14 partida jokatu dituztenean, 11.postuan dago, 3 partida irabazi, 6 berdindu eta 5 galduta. Gogor saiatu beharko du talde osoak, baina helburua lortzeko bidean dira. Hurrengo partida urtarrileko lehen asteburuan jokatuko dute Lesakan, bertako Beti Gazte taldearen aurka.
Neskak
Nesken taldeak lehen fasea azaroan amaitu zuen 7. postuan. 3 partida irabazi, 3 berdindu eta 3 galdu ondoren. Orain kopa jokatzen ari dira. Txapelketa honetan dagoeneko 3 partida jokatu dituzte, horietatik bat irabazi eta 2 galduaz. Ez dute bide erraza izango baina azken jardunaldian Usurbilgo taldearen aurka lortutako 12-0ko emaitzak bide ona aurkitu dutela adierazten du. Hurrengo partida Ordizian jokatuko dute urtarrilaren 12an. Aupa neskak!
Jubenilak
Jubenilen taldeak amaitu berria du lehen fasea. Txukun ibili dira denboraldi guztian zehar, gol aukerak ondo aprobetxatzen jakitea, hori falta izan dute. Liga guztian hirugarren postuan mantendu badira ere, azken jardunaldian galdu ondoren, laugarren gelditu dira, 5 partida irabazi, 3 berdindu eta 4 galduta. Ondorioz, kopa jokatzen hasiko dira datorren urtarrilaren 12an. Txapelketa honetan ondo ibiltzeko ahalmena badute, ea erakusten duten! Lehenengo partida etxean jokatuko dute Astigarragako Mundarro taldearen aurka.
Kadeteak
Kadete mailako taldea izan da denboraldi honetan ondoen ibili dena. Hauek ere lehen fasea amaitu berria dute. 9 partida irabazi; 1 berdindu eta 2 galdu ondoren, lehenengo postuan sailkatu dira. Ondorioz, orain igoera fasea jokatzen hasiko dira. Maiatzaren bukaera arte luzatuko den fase onetan hamar taldek osatutako liga jokatu beharko dute, eta ez dute batere lan erraza izango, ez horixe! Urtarrileko lehen asteburuan izango dute lehen partida, Zumarragan, bertako Urola taldearen aurka.
Infantilak
Infantil mailako taldeari partida bat falta zaio lehen fasea amaitzeko. 11 partida jokatu ondoren, 2 irabazi, 3 berdindu eta 6 galdu dituzte. Maila honetan kosta egiten zaie zelai osoan jokatzen ikastea eta horretan ari dira urnietar gaztetxo hauek. Urtarrileko lehen asteburuan Lazkaon jokatuko duten partidaren ondoren, Kopa jokatzeari ekingo diote. Zorte on!
Eguberrietan talde guztiek atseden dute.