Presoen eta senideen egoera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko abe. 27a, 20:16

Urte osoan bezala, eguberrietan ere majina bat hutsune sumatzen da Euskal Herrian, tartean, baita Andoainen ere.  “Ama bezala urte osoan dut aulkia hutsik. Gabonetan baino askoz gehiago sufrituko duzu traslado bat duenean, bisitak direnean edo aislamenduan dagoenean”, gogorarazi du Asier Oiartzabal (Moulins-Yzeure, 1100 km) preso politikoaren amak, Joxepa Txapartegik.

Egoera beretsua bizi dute, Karlos Almorza (Puerto I, 1132 km), Juan Joxe Petrikorena (Madrid V, 450 km), Arkaitz Lavega (Alicante II, 840 km) edota Aritz Arnaiz (Burgos, 232 km) andoaindarren senideek ere.

Kartzelatan inoiz baino preso politiko gehiago dagoela aipatzen den garai honetan, emandako hitza betetzen besterik ez dira ari, Iker Arnaizen esanetan. “Argi gelditu zen hori guztia, Rubalcabak hiru zifrena aipatu zuenean. Pasa da, luzez. Eta oraindik etorriko direnak”. Espetxe politika gogortu izanaren testuinguruan kokatzen dute baita, “Parot doktrina”. Bilgunearen txostenak salatzen dituen inkomunikazio eta tortura egunak igarota, “doktrina” horrek bizi-baldintza gogorretan igaro beharreko espetxe zigorra oso osorik bete beharra ekarri die presoei, “delitu gehiagorekin jendea kalean denean”. Erokeria galanta eta jasanezina preso batek hainbeste denbora kartzelan eman beharra, elkarrizketatuen hitzetan. Neurri horiek guztiak harrotasun handiz hartu dituztela ere salatzen dute senideek.

Atxiloketen eta kartzelaratzeen bidetik ez da konponbiderik, Etxerat-en aburuz. Irtenbide politikoaren alde daude eta gatazka hitz eginez bakarrik konponduko dela gogorarazten dute.

ESKUBIDE URRAKETAK
Senideek kartzelan dituzten ahaideak bisitatzeko dituzten arazoak anitzak dira; telefonoz deitu eta ez hartzea, “bis a bisak” ukatzea, senitartekoa bisitatzeko kilometro askotako bidaiak egin eta presoa une horretan espetxez aldatzea, bidaia luzeek dakartzaten arriskuak, gastu ekonomikoa, desgaste fisiko-emozionala, istripuak, sufrimendua… Etxerat-etik dioten bezala, astebururoko kontua da hori. “Senideok humanismorik ez dugula diote. Guri hitz egin behar digute hortaz?”, galdetzen du Aroa Arrietek.

Herri mailan lagunen eta hainbat herritarren babesa jaso arren, oso bestelakoa da udal ordezkariei buruz duten iritzia. “Eskubiderik izango ez bazenu bezala sentiarazten zaituzte”, salatzen dute. Udalaren eta hainbat alderdi politikoren jarrera gaitzesten dute, besteren artean, ekitaldiak antolatzerakoan jartzen dizkieten oztopoengatik. Gutxienekoa ere ez dutela betetzen salatzen dute.

Ekitaldiak, Agenda atalean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!