Entrenatzaile tituluaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko abe. 27a, 20:15

Ez da gure artean oso ezaguna, baina futbol entrenatzaile izateko ikasketak eskaintzen dira Gipuzkoan. Aurten ikasketa hauek egiten hasi dira Igor Beré eta Jon San Jose andoaindarrak.

“Urria amaieran hasi ginen eta maiatza amaiera arte luzatuko da. Astean hiru egunez ematen da ikastaroa, astelehenetan bostetatik bederatzietara, asteazkenean sei terdietatik bederatzietara eta larunbat goizetan bederatzietatik ordubaterara. Hezkuntza sailarekin araututa dago ikastaro hau. Hiru kurtso daude, lehenengoa eta bigarrena egiten badituzu erdi mailako ziklo gisa balioztatzen dizute. Hirugarren maila egiten baduzu berriz, goi mailako ziklo gisa”. Igor eta Jon ez dira ikastaroa egiten ari diren lehen andoaindarrak, bigarren mailan beste herritar bat ere badela nabarmendu du Igor Berék.

Entrenatzaile ibilbidea
23 urte izanagatik urte asko daramatza entrenatzen Berék. 15 bat urterekin hasi zen La Sallen, eskola kiroleko haurrei irakasten. Orain ere horretan ari da, nesken voleiboleko talde bat entrenatzen baitu. Hala ere, Beréri benetan futbola gustatzen zaio. Azken urtean hurbildu da kirol honetara. “Uneotan, Amets Bat, gazteekin Realak duen  proiektuan sartuta nago eta herrian, Euskalduna taldean ohorezko mailako kadeteak entrenatzen ditut Javi Gonzalezekin batera”. Hain zuzen, ikastaroa futbol ezagutzak sakontzeko aukera ematen ari zaio Igorri. “Lehen kurtsoan arlo asko irakasten dizkizute. Psikologia, tenika, taktika, prestakuntza fisikoa, medikuntza eta beste hainbat arlo ere lantzen dira.  Guztira 14 arlo daude. Hiruileka banatuta. Klase teorikoak Donostiako Anoetako kirol etxean ematen ditugu eta praktika gehienak berriz Urnietan egiten ditugu”. Entrentzaile ikasketen zuzendaria Salva Zaldua da, eta irakasle gisa berriz, hainbat izen ilustre dituzte; Mikel Etxarri eta Marco Antonio Boronat, besteak beste.
 Ikastaroan izen ematekotan bazen ere, Euskaldunakoek animatu zuten Igor entrenatzaile ikasketak egitera. “Euskaldunak diruz laguntzen du ikastaroa eta aukera ona zela pentsatu nuen. Herriko taldean entrenatzaile tituludunak edukitzea interesgarria dela uste dut, eta hori pozgarria da”.

Etorkizuna
Behin lehen kurtsoa eginda, 1. mailako titulua jasotzen dute ikasleek, baina Igorrek ez du baztertzen 2. kurtsoa ere egitea.”Hirugarrena ez dut uste, hori profesionalentzat baita”. Entrenatzaile ikasketak egiteak ordea, ez du esan nahi entrenatzaile profesional izatea helburu duenik. “Oraingoz oso gustora nago eta momentuz horrela segiko dut. Ez dit axola haurrekin aritzeak ere”. Titulua lortuta,  goiko mailetako taldeak entrenatzeko beharrezko ikasketak behintzat eskuratuko ditu. Bokazioa behintzat ez zaio falta andoaindar gazteari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!