Abenduaren 27an egin zen urteko azken udal batzarraldian bi gai nabarmendu ziren: udal hautetsien aurka herrian agertutako afitxak eta Zumea plazaren inguruan EAk aurkeztutako mozioa. Euskal preso politiko baten senidea berriki kotxe istripuz hil dela eta, dispertsioaren aurkako afitxak agertu dira egun hauetan Andoaingo kaleetan. Horietan “hiltzaile” deitzen omen zaie herriko udal hautetsiei, besteak beste, EAJko, PPko eta PSEkoei. Batzarraldiaren hasieran Andoaingo alkateak gertaera gaitzetsi egin zuen eta horren aurrean Udalak salaketa ipiniko duela iragarri zuen, “mehatxu horiek gu guztion aurka doaz eta ezin ditugu horrelakoak onartu”. Batzarraldian ziren EAko, EAJko, PSE-EEko eta PPko zinegotziek bere egin zuten alkatearen adierazpena.