Pedro Mari Otañok 25 urte

Pedro Mari Otaño ikastetxeak 25 urte bete ditu. Dorita Lorenzo garai hartan eskolako zuzendari eta irakasle zen, Mikel Arrastoa alkate eta Florentino Bravo guraso. Sorreraren berri azaldu du hirukoteak.

Duela 25 urte eraiki zen egungo Pedro Mari Otaño ikastetxea. Aurrez, egun Jesusen Bihotza ikastolako Zizurkilgo haurrak elkartzen diren eraikinean biltzen ziren. “Bi gela zituen eskola zaharrak: neskentzat bat eta mutilentzat beste bat. Kanpoan bi pilotaleku”, azaldu du Mikel Arrastoak. Ikasle ugari biltzen zen herri eskolan eta lekuz oso urri zebiltzanez, pilotaleku horietako bat estali eta bertan beste gela bat egokitzea erabaki zuten. “Eskola zaharrean genituen baldintzak oso kaskarrak ziren eta egoera horretan luzaro iraun ezin genuenez, eskola berria egitea eskatu genuen. Ez zen erraza izan, baina azkenean, onartu egin zuten gure eskaera”, gogoratu du Doritak. Garai hartan alkate zen Mikel Arrastoak gogoan du eskolaren ordez, beste egitasmo batzuk abian zeudela gune horretan, “gu legealdian sartu ginenean, urbanizazio makroproiektu bat martxan zegoen egun eskola dagoen lekuan. Bost ehun bat etxebizitza aurreikusten ziren: Ubare auzoan dauden moduko hiru Y, eliza bat… Guk plan hori gerarazi egin genuen arau subsidiario berriak egiteko. Eskola publikoa aldarrikatu eta gune horretan altxatzea proposatu genuen. Bistan denez, etxebizitzak ere eraiki ziren, baina askoz ere gutxiago”.

Herritarrak kalera
Ikastetxearen hezurdura eraiki zutenean, lanak eten egin zituzten, “hezkuntza sailak laguntza emateko dirurik ez zuela eta, lanak bere horretan utzi zituzten, behin oinarria egin eta gero”. Herritar, bizilagun eta ikasle kalera atera zen orduan, “burni-zubiaren azpialdean, pankartak eskuan, N-1 errepidea moztu genuen. Errepidearen erdian, haurren amak puntua egiten gogoratzen ditut”, azaldu du Doritak. Herrian ez ezik, Donostian ere egin zuten protesta, elkarrizketatuen ustez, potoloena. “Donostiara autobusetan joan eta manifestazioa egin genuen egungo Kursaaletik La Sala plazaraino, bertan baitzegoen hezkuntza departamendua. Gure eskaerek erantzuna izan zuten eta berriro eskola eraikitzeko lanei ekin zieten”, azaldu du Mikelek. “Ikastola behar zen baina, eskola ere bai. Ez zen erraza izan eskola aurrera ateratzea”, gehitu du Florentinok. Helburu beraren alde, herria hain batuta gutxitan egon dela uste du Mikelek. “Mobilizazioak oso politak eta esperientzia benetan aberasgarria izan ziren. Herriak prozesuan parte hartu zuen”. Dorita ere guztiz ados azaldu da, “Herritarren erantzunagatik izan ez balitz, ez genuen eskola altxatzea lortuko”.

Bertsolariaren omenez
Eskola zaharretik berrira aldaketa handia izan zela azpimarratu du 23 urtean eskolan irakasle eta zuzendari lanetan aritu zen Doritak, “espazioari nahiz zerbitzuei dagokionez, izugarrizko aldaketa ekarri zuen eskola berriak. Guretzat ilusio handia izan zen. Laboratorioak, gimnasioa, idazkaritza, jolaserako lekua…, benetako eskola lortu genuen azkenean”. Eskola berriaren izena bozketa bidez erabaki zuten, “aukera ezberdinen artean, herriko bertsolariak eskuratu zuen boto gehien. Hortik eskolaren izena”. 25 urte geroago, ikastetxearen urteurrena ospatzeko, aspaldiko eta egungo argazkiekin osatutako erakusketa jarri zuten, besteak beste, Atxulondo Kultur Etxeko erakusgelan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!