Otaegi erraz nagusitu zen

Sasoi onean dagoela erakutsi eta lehen apustua irabazi du Joseba Otaegik.

Hilaren 23an, desafio egun handietako giroa zegoen Tolosako zezen plazan. Jon Rekondo eta Joseba Otaegiren arteko lehiak ikusmin handia eragin zuen. Ikuskizuna ere bikaina izan zen, baina emozioa falta. Lehen kanaerdikoa ia parean ebaki zuten bi aizkolariek, baina handik aurrera jaun eta jabe izan zen Joseba Otaegi. Lan erdietarako, hiru minutuko aldea zuen erakustaldi bikaina eman zuen zizurkildarrak.

Aldea handia izanagatik, lanean gogor jarraitu zuen Otaegik eta horren emaitza da lan guztiak egiteko behar izan zuen denbora, 36 minutu eta 27 segundu. Aditu askok irabazleak 45 minutu beharko zituela uste zuten, baina Otaegik oso sasoi puntu onean dagoela erakutsi zuen. Orain atseden hartuko du zizurkildarrak, baina lehen apustua irabazteak ziur datorren urtean gogor entrenatzeko indarrak eman dizkiola.

Aimar Irigoien, marka berria Zizurkilen
Kirol asteburuaren baitan, herri kirolak leku handia izan zuen aurten. Aimar Irigoienek jendetza erakarri zuen Intxaur frontoira bere marka ahalegina ikusteko. Eta ez zuen huts egin. 152 kiloko harri kubikoari 17 jasoaldi eman zizkion hiru minutuan, Goenatxok zuen marka hautsiz. Errezilgo gaztea ere sasoiko dagoela ez dago zalantzarik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!