Patinen gainean irrist

Patinetan trebatzeko aukera izan da lehenengo aldiz Amasa-Villabonan.Beñat Azurmendi amasarra izan da irakaslea eta berak azaldu du ikastaroaren nondik norakoen berri.

 

 

“Batetik, azken hiru urte hauetan dezente ibiltzen naiz patinetan. Oso motibatuta nabil, asko gustatzen zait. Bestetik, hamabost bat urte daramat eski eta piraguako klaseak ematen. Patinekiko afizioa eta klaseak emateko ohitura uztartuz, patinetako ikastaroa ematea proposatu nuen kiroldegian. Eskaintza bera egitea aztertzen ari ziren Olaederrako arduradunak ere. Kasualitatea. Irakaslea agertu zenean, aurrera egin zuen asmoak”. Hartzaileen aldetik, espero zutena baino harrera hobea izan du ikastaroak, “15 pertsonako muga jarri genuen izen-ematean. Hala ere, 10-12 pertsona baino gehiago ez genuen espero. Azkenean 19 lagunek osatu dute taldea eta erreserban ere egon dira batzuk”. Ateri egin duenean kalera atera dira patinetan ibiltzera, Legarreta auzora, hain zuzen ere, “ateri egiten duenean leku egokia da: asfaltoa ondo dago, trafiko gutxi izaten da eta herritik kanpo geratzen denez, jendea gusturago ibiltzen da”. Euria egiten duenean, kiroldegian ibili dira, “baina, ez dago patinatzeko leku askorik. Aurrera begira, Txermingo ikastolaren azpian argirik jar ote litekeen galdetu dugu”.

Irrist egitearen gozamena
Herrian haur eta gaztetxoak patinetan ikustea ohikoa da, helduak ordea, ez horrenbeste. “Nik uste helduen artean patinak probatzeko gogo handia dagoela, baina askotan, ez dira ausartzen; ez dakitelako nora joan edo nola hasi. Ume asko ikusten da patinatzen baina heldurik ez”. Ikastaroan, gazte eta helduek eman zuten izena. “12 urte inguruko bi gazte ibili dira baina, jende heldua etorri da batik bat. 60 urte inguru izango ditu helduenak”. Patinatzean sentsazio asko nahasten dela azaldu du Beñatek, “ariketa fisikoa egiten da batetik eta bestalde, oso aberatsa iruditzen zait mugimenduetan. Lur lauan egiteko maniobra asko dago: aurrera-atzera, koskak igo-jaitsi…Gorputzaren mugimendu piloa landu daiteke eta sentsazio aldetik oso ona da. Bai eski gainean, bai gurpil gainean, gozamena da niretzat irristatzea”.

Bide-gorrietan barrena
Lehen hiruhilabetean oreka, frenua edo abiaduraren kontrola eta norabide aldaketak landu dituzte batik bat. Zelaian ibili dira batez ere baina, bakoitzaren mailaren arabera, aldapak ere tartekatu dituzte. Ikastaroak urritik abendura bitarte iraun du. Amaiera emateko, Hendaiako bide-gorrira egin zuten patinatzera txangoa, “patinetan ibiltzeko oso egokiak dira bide-gorriak”. Taldekideek euren kabuz patinatzen jarraitzeko asmoa dute eta, posible bada, udaberri-uda aldera berriz ekin nahi diote ikastaroari. “Pozgarria da niretzat ikasleek azaltzen duten gogoa ikustea”, azaldu du Beñatek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!