Euskal selekzioaren alde

Abenduaren 20an prentsaurrekoa eskaini zuten Aiztondo bailarako kirolari askok, Villabonan.Bildutako kirolari guztien izenean, Manuel Erasunek hartu zuen hitza. “Agerraldi honen bidez, euskal herritar eta kirolari gisa, nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko eskubidea dagokigunez, euskal kirolariok, nazioartean, era ofizialean Euskal Herria ordezkatzeko aukera aldarrikatzen dugu”.

 

 

Helburu hori lortzeko, lanerako gogoa azaldu zuten, “gu euskaldunak gara, gure selekzioa Euskal Herriko selekzioa da, eta zentzu horretan aurrera egiteko, gure esku dauden pausoak emateko prest gaudela argi eta garbi azaldu nahi dugu”. Ofizialtasunaren bidean aurrera egin eta Euskal Herriko selekzioek nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko duten eskubidea bermatu arte, lan-indarrak areagotzeko eskatu zuten. “Euskal Herria munduaren aurrean ordezkatu ahal izateko, Euskal Herriko kirolari guztiok bilduko gaituzten federazioak behar ditugu”. Frantzia eta Espainiako eragile politiko eta kirol-federazio ezberdinei ere deia luzatu zieten, “Euskal Selekzioaren aurkako erasoak alde batera utzi, eta euskal kirolariak nazioarteko txapelketa ofizialetan Euskal Herria ordezkatzeko dugun eskubidea errespeta dezatela. Ez diogu inori ezer kendu nahi, dagokiguna eskuratu baizik”.

Manifestaziorako deia
Aiztondo bailarako herritarrei, abenduaren 29an Euskal Herria-Katalunia nazioarteko futbol partidaren aurretik, ESAITek Bilboko Arenalean antolaturiko jai-gunera joateko, eta arratsaldeko 17:30etan La Casillatik “Euskal Herria: Nazio bat, Selekzio bat” lemapean irtengo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia luzatu zieten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!