Sagain mendi elkartearen lehen irteera

Modu ezin hobean eman dio hasiera elkarteak bere ibilbideari, izan ere, herritar ugari animatu baitzen Sagain taldeak antolatutako lehen irteeran parte hartzera.

Haur, gazte eta guraso, guztiek elkarrekin bete zuten Zarautz eta Zumaia arteko ibilbidea. Abenduaren 16an, igandearekin, goizeko 08:30etan abiatu zen autobusa plazatik. Adin guztietako berrogeita hamabi mendizale animatu zen parte hartzera. Helduek, Zarauzko kanpinetik hasi zuten ibilbidea eta haur txikiekin zihoazenek berriz, autobusez egin zuten ibilbidearen zati bat. Zarautz ibilgailuz zeharkatu eta hondartzaren bestaldean eman zioten hasiera mendi ibilaldiari.

“Haur txikiak dituztenak aurrerago hasi ziren eta ibilbidearen puntu batean elkar topatu genuen. Hamaiketakoa egiteko garaian denak elkarrekin ginen. Geldialditxoa egin ondoren, guztiok elkarrekin bideari jarraitu eta Zumaian amaitu genuen, Zuloagaren jaiotetxearen inguruan”, azaldu du Maite Iraolak parte hartzaileak.

GIRO ONEAN
Eguraldi onarekin eta paraje ederretan barrena ibili ziren mendizale asteasuarrak: “Ibilbidearen hasiera aldapatsua zen. Gero txakolindegietan barrena ibili ginen, Getari eta Askizu bailara zeharkatu eta hortik aurrera, aldapan behera abiatu ginen. Oso bide polita zen eta eguraldiak ere lagundu egin zuen. Zumaian amaitu eta Asteasura bazkal ordurako iritsi ginen”, dio Iraolak.

Guztira, berrogeita hamabi pertsona joan ziren Sagain elkartearen lehen ibilbide honetara eta antolatzaileak gustura agertu dira. Abenduaren 14an egin zuten taldearen aurkezpena. Herriko tontor altuenaren izena aukeratu dute mendi taldeari izena emateko eta dagoeneko datorren urteko irteeren egitaraua prestatzen ari dira. Asteasuko mendizaleak batzeko asmoz sortu da taldea: “Herrian, mendirako zaletasuna duen jende asko dago eta orain arte, bakoitza bere aldetik joaten zen mendira. Hemendik aurrera, hilean behin irteera bat antolatzeko asmoa dugu, denak batera ibiltzeko. Haurrek mendira joateko ohitura hartzea ere lortu nahi dugu”, azaldu zuen Mikel Maiz taldekideak aurkezpen egunean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!