Sahararen aldeko elikagai bilketa abenduaren 29an

Goizeko hamaiketan jarriko dute Adunako plazan elikagaiak biltzeko postua. Urte mordoxka daramate adunarrek Saharako herriari laguntza eskaintzen eta hori eskertu egin nahi dute bilketa lanetan aritzen diren herritarrek.

Eskola txikien eguna antolatzea egokitu zitzaigun urtean hasi ginen lehen ekintzak egiten. Festa antolatzeko dirua behar genuen eta Santa Ageda bezperan kantuan ateratzeko taldea sortu genuen. Gustura ibili ginen eta hurrengo urtean berriro atera ginen, baina ez genuen argi bildutako dirua zertan erabili. Dani Arizalak proposatu zuen Saharara bidaltzea eta horrela hasi ginen”, azaldu du Maixabel adunarrak. Geroztik, urtero atera izan dira kantuan eta Sahara aldera bidaltzen dute lortutako dirua: “Herritarrak oso ondo portatzen dira. Zerbaitetarako eskaeraren bat egin dugunean oso erantzun ona izan dugu eta hori eskertzekoa da”, gehitu du.

ELIKAGAI BILKETA
Abenduaren 29an adunarrek berriro izango dute borondate on hori erakusteko aukera, izan ere, plazan jarriko baita elikagai bilketarako postua. 11:00tatik aurrera Saharara eramateko elikagaiak bilduko dira: “Lentejak, azukrea, konpresak…, beharrezko gauzak biltzen dira. Zonalde bakoitzak gauza ezberdinak biltzen ditu eta guztien artean osatzen ditugu hara bidali beharrekoak. Kostaldean, esaterako, kontserbako atuna biltzen da eta beste zonalde batzuetan beste elikagai batzuk”, azaldu du Maixabelek.

JAI BEREZIA UDAN
Udan festa berezia izaten da Adunan: “Uda pasatzera inguruko herrietara etorri diren Saharako haurrak Adunan elkartzen dira. Goizean Gorritiren animaliekin ibiltzen dira jolasean, elkarrekin bazkaldu eta arratsaldean euskal jolas ezberdinak antolatzen dira. Ederki pasatzen dute. Herriko haurrak eta sahararrak kontatuz, ehun bat ume biltzen da. Festa hori antolatzeko garaian erakunde ezberdinen laguntza izaten dugu, baina Santa Ageda bezperan bildutakoaren zati bat ere erabili izan dugu. Pentsa daiteke festa antolatzeko erabiltzen dugun diru horrek mesede handiagoa egingo lukeela Saharan, baina haurren pozak ere asko balio du. Udan etortzen direnean, herri ezberdinetan sakabanatuta egoten dira eta Adunan elkar ikusten dutenean, polita da haien poza eta erreakzioak ikustea”.


Maixabel eta beste zazpi adunar Saharan izan ziren duela urte batzuk: “Aste Santu batzuetan joan ginen hango egoera ezagutzera. Egoera larria da. Garai hartan ez zen goserik ikusten, baina miseria egoerak bazeuden, baliabide eskasekin bizi ziren eta egoera are larriagoa da orain”.


Otsaila inguruan atera ohi dira elikagaiz betetako ibilgailuak Sahara aldera. Tartean izango dira abenduaren 29an Adunako plazan batzen direnak. 11:00tatik aurrera plazara hurbildu eta elikagairen bat postuan uzten duenak, gainera, ez du esku hutsik etxeratu beharko, izan ere, pintxo goxoak egongo baitira hurbiltzen direnentzat. Anima zaitezte!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!