Olentzaroren etorrera eskualdera

Talde ugari ibili zen Gabon- eskean, Zizurkil Goian zein Elbarrenan.

Goizean goiz bildu ziren San Millan eskolako haurrak eta gurasoak Gabon kantuan abiatzeko. Txikienek traktore gainean egin zuten bidearen zatirik handiena, Olentzaro eta Mari Domingiren irudiak aldamenean hartuta. Helduenak berriz, oinez joan ziren baserriz baserri eta etxez etxe. Behe-lainoak eguzki goxoari tartea egin zion eguerdia baino lehen eta kantariak plazara itzultzerako eguraldi garbia zen nagusi. 13:15ak aldera agertu zen Olentzaro plazara. Banaka-banaka haurrak magalean hartu, eta eskaera guztiak adi-adi entzun zituen Olentzarok. Amaitutakoan, zakua bizkarrean hartu eta opariak prestatzera joan zen bere mendiko etxera eta haurrak zein gurasoak Iriarte etxean bildu ziren bazkaltzera. Goxo-goxo bazkaldu ondoren, haur batzuek kantuan jarraitu zuten txanpon batzuk biltzeko.


Elbarrenan ere ez zen kantu doinurik faltatu. Pedro Maria Otaño eta Jesusen Bihotzako ikasleak kalez kale ibili ziren eta eguerdi aldera, Urkamendi elkartera hurbildu ziren hamaiketako goxoa dastatzera.


Etxerat taldea Zizurkilen ibili zen. Plazan elkartu eta herriko baserrietan barrena ibili ziren kantari. Elkarrekin bazkaldu eta arratsaldean elbarrenan ere kantu-jiran ibili ziren giro ederrean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!