Goizean ikastetxeetako gazteenen txanda izan zen. Jesusen Bihotza ikastolako zein Fleming eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek kaleak doinuz jantzi zituzten. Ikastetxeak ez ezik, herriko talde ezberdinak ere kalera atera ziren goizetik. Oinkari dantza taldea edo Eresargi abesbatza, esaterako. Gainerakoan, lagun talde asko ibili zen egun guztian zehar baserriz baserri eta etxez etxe, giroa alaitzen.
Iluntzean, Olentzarok agerpena egin zuen Amasan nahiz Villabonan. Amasan Goikoetxe baserrira etorri eta handik, amasarrekin batera jaitsi zen plazaraino. Villabonan, Otsabi auzora etorri zen Mari Domingirekin batera. Urtero bezala, txistor-jana izan zen lehenik. Gero, aurreskua eta bertsoak eskaini zizkieten haurrek, kale-jirako bidea hartu aurretik. Plazan Olentzaro eta Mari Domingirekin hizketarako tartea izan zuten gazteenek eta baita Oria merkatal elkarteak jarritako gaztain eta intxaurrak jatekoa ere.
Preso eta errefuxiatuak ere gogoan izan ziren. Iluntzean, haien etxeratzea eskatuz manifestazioa egin zen. Ondoren, urteroko marisko-jana zozketatu zen, aurrez txartelak erosi zituztenen artean.