Ubare auzoa berrurbanizatzeko lehiaketa

Zizurkilgo Udalak Ugare (Ubare) auzoaren berrurbanizazioa esleitzeko lehiaketa deitu du. 1.566.814 eurokoa da lizitaziorako gehieneko aurrekontua.


Zizurkilgo Udalak Ugare (Ubare) auzoaren berrurbanizazio lanak esleitzeko lehiaketa deitu du 1.566.814,13 euroko gehieneko aurrekontuarekin. Auzoa biziberritzeko lanak Eusko Jaurlaritzako Ur Zuzendaritzak Oria ibaia bideratzeko dagoeneko abian dituen lanekin batera gauzatuko dira.

Eskabideak aurkezteko epea irekita dago, eta urtarrilaren lehenengo hamabostaldia igaro arte luzatuko da. Lan hauetan interesatuta dauden enpresek Zizurkilgo Udaleko erregistro orokorrean, hots, Teodoro Hernandorena kaleko 6an  entregatu behar dute eskaturiko dokumentazio guztia. Bulegoaren ordutegia astelehenetik ostiralera artekoa da goizeko bederatzietatik eguerdiko ordu bietara.

Aipaturiko lanak bi fasetan banatuta daude, eta lanak hasten direnetik sei hilabeteko epean gauzatu behar dira. Zizurkilgo Udalak osoko bilkuran onartu zituen  esleipen honetarako behar diren dokumentu guztiak, jarduketa hau gidatuko duten proiektu teknikoak barne, eta horiei lotu beharko zaizkie enpresek aurkezten dituzten eskaintzak. Udaletxean nahiz Tolosako Kopibat enpresan eskura daiteke gai honi buruzko informazio guztia.

Auzoa berrurbanizatzea eta ekipamendu modernoak ipintzea, eta aisialdirako eta jolaserako berdeguneak eratzea da Udalak gauzatu nahi duen jarduketa honen helburua. Izan ere, behar-beharrezkoa da Zizurkil eta Villabona artean kokaturiko auzo honetan gauzatu nahi den proiektua, urte askotan abandonatua egon den auzoarentzat konponbide bat eta hobetzeko aukera paregabea eskaintzen duelako. Ugare (Ubare) auzoaren biziberritzea da Eusko Jaurlaritzaren Izartu programak diruz lagundutako proiektuaren azken faseetariko bat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!