Euskal Selekzioaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko abe. 21a, 11:36

Atzo iluntzean, Amasa-Villabonako Gurea antzokian, Euskal Selekzioa ofizialtzeko deia egin zuten Aiztondo bailarako kirolari askok. Datorren abenduaren 29an, "Euskal Herria: Nazio bat, Selekzio bat" lemapean, Bilbon izango den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu zuten.

Euskal Herria: Nazio bat, Selekzio bat!

Euskal Selekzioen inguruan, azken hilabeteotan, arrazoi ezberdinengatik sortu diren zalapartak ikusirik eta datorren abenduaren 29rako Bilbon antolaturiko ekimenen harira, gaur hemen egiten dugun agerraldi honen bidez, euskal herritar eta kirolari gisara, honako hausnarketak eta eskaerak plazaratu nahi ditugu:

1.- Nazio bat gara: Euskal Herria. Eta, ondorioz, nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko eskubidea dagokigu. Euskal kirolariok, nazioartean, era ofizialean Euskal Herria ordezkatzeko aukera aldarrikatzen dugu.
2.- Badakigu, helburu hau lortzea ez dagoela soilik kirolarion esku. Baina, era berean, ofizialtasunaren alde lan egitea gure zeregina ere badela argi daukagu. Gu euskaldunak gara, gure selekzioa Euskal Herriko selekzioa da, eta zentzu horretan aurrera egiteko, gure esku dauden pausoak emateko prest gaudela argi eta garbi azaldu nahi dugu.

Luzatu nahi ditugun eskaerak:
1.- Euskal Herriko eragile politiko eta kirol federazio ezberdinei: Ofizialtasunaren bidean aurrera egin eta Euskal Herriko selekzioek nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko duten eskubidea bermatu arte, lan-indarrak areagotzeko eskatzen dizuegu. Euskal Herria munduaren aurrean ordezkatu ahal izateko, euskal Herriko kirolari guztiok bilduko gaituzten federazioak behar ditugu.

2.- Frantzia eta Espainiako eragile politiko eta kirol-federazio ezberdinei: Euskal Selekzioaren aurkako erasoak alde batera utzi, eta euskal kirolariak nazioarteko txapelketa ofizialetan Euskal Herria ordezkatzeko dugun eskubidea errespetatu eta horretarako aukera eman iezaguzuela. Ez diogu inori ezer kendu nahi, dagokiguna eskuratu baizik.

3.- Aiztondo bailarako herritarrei:
Datorren abenduaren 29an, Euskal Herria-Katalunia nazioarteko futbol partidaren aurretik, ESAITek Bilboko Arenalean antolaturiko jai-gunera joateko, eta arratsaldeko 17:30etan La Casillatik “Euskal Herria: Nazio bat, Selekzio bat” lemapean irtengo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.

Eta, dei berezia egiten dizuegu Aiztondoko kirolari guztioi, ibilbidea manifestazio-buruan kirolarientzat gordeko den gunean egin dezazuen.


Autobus zerbitzua Bilbora
Bilboko manifestaziora nahiz ondorengo festara joateko autobusak antolatu dituzte. Goizez, 11:30etan eta arratsaldez 15:30etan aterako dira Bilbo aldera. Bueltan berriz, iluntzeko 19:30etan, gaueko 23:30etan eta goizeko 04:00etan. Autobusez joan nahi duenak, aurrez, ondorengo lekuetan eman behar da izena.
Amasa-Villabonan Iratzar, Xiker eta Erreka tabernetan; Zizurkilen Zentroan eta Aurreran; Adunan, Uztartzan eta Asteasun, Patxinen.

Atxikimenduak
Ekimenari atxikimendua erakutsi dioten Aiztondo bailarako kirolariak hauexek dira:
Asteasu: Mikel Alkorta, Xabier Usabiaga, Aitzol Txapartegi, Xiba taldea eta Joseba Sarasola.
Aduna: Iñaki Gorostidi.
Zizurkil: Iñaki Urkola, Manuel Erasun, Joseba Otaegi, Aratz Alkorta, Ziotza kirol elkartea, Naroa Geresta, Kandido Aizpurua, Lurdes Gorostegi, Batis Kortajarena, Xiba taldea, Danena-Olaederra pultsulari elkartea, Maitane Aburuza eta Pello Garin.
Amasa-Villabona: Irrintzi txirrindulari elkartea, Aizkardi mendi elkartea, Behar Zana pilota elkartea, Olaederra mahai tenis elkartea, T.A.K.E saskibaloi taldea, Lakuntza, Txanpaka eta Shepherd´s areto futbol taldeak, Eneko Gurrutxaga, Ugaitz Artola eta Patxi Rodrigo txirrindulariak. Gurutz eta Joxe Ramon Galarraga korrikalariak. Iñigo Sarasola, Nagore Abaigar eta Miriam Arana futbolariak. Unai Zendoia, Gorka Barandiaran, Edorta eta Gorki Tormo alpinistak. Patxi eta Luisma Urizar duatloilariak. Iker Zaldua eta Aitor Tejeria triatletak. Andoni Zuriarrain eta Garikoitz Etxeberria segalariak. Andoni Ibarzabal erremontista. Ekain Iartza, Joseba eta Eneko Larrarte, Ander Ansa, Garikoitz Lopetegi eta Andoni Leunda arraunlariak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!