Oria merkatal elkartearen ekimenak aurrera

Aurrera doaz Villabonan duela denbora gutxi sortu den Oria merkatarien elkarteko kideek antolatu dituzten ekimenak. Gabonei begira ekintza ezberdinetan hartuko dute parte. Ondorengo hauexek horietako batzuk:

Batetik, bihar, abenduaren 21ean, Aisialdi taldeak antolatu duen txistorra-janean parte hartuko dute. Arratsaldeko 17:00etatik 19:30etara txistorra bultzatzeko sagardoa jarriko dutela jakinarazi du merkatari elkarteak. 

Bestalde, Gabon garaian, plaza autoak aparkatzeko irekita egongo dela gogorarazi dute, "Hilaren 6a arte 09:00etatik 14:00etara Errebote plazan autoak aparkatzeko aukera izango da. Azoka egunetan izan ezik, noski".

Abenduaren 24an, Olentzaroren jaitsierarekin bat egingo dute eta kale-jira amaierarako intxaurrak eta gaztainak jarriko dituzte.

Abenduaren 26an, erosketak herrian egin dituztenek bete dituzten txartelen artean zozketa egingo da. Hiru sari zozketatuko dira: Saskia batetik, Asteburu-pasa bestetik eta afaria azkenik. abenduaren 26an, arratsaldeko 13:30etan jakingo dira irabazleen izenak Caja Rural-en. 

Urtarrilaren 5ean, Errege kabalgatarekin ere bat egingo dute. Kasu horretan, glutenik gabeko goxokiak jarriko dituzte. "Glutena onartzen ez duen haur asko dagoelako eta haiekin oso gutxitan gogoratzen garelako hartu da erabaki hori".

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!