Saharako Media Luna Rojak 2007ko irailaren amaieran adierazi zuenez, oso kezkatuta dago saharako errefuxiatuek egun pairatzen dituzten egoera zailekin, bereziki janari otarraren beherakada izugarria dela-eta. Izan ere, Munduko Elikagai Programak “iraileko kuotaren %44 bakarrik bidali du” eta “ez dakigu ziur MEPek urriko kuota emango ote duen”.
Era berean bere kezka adierazi du “behar bezala elikatu gabekoen portzentajeak gora egin duelako eta haurren eta haurdun edo bularra ematen ari diren emakumeen artean anemia kopuru handia dagoelako”.
Horregatik, Gizarte Zerbitzuetako sailak eta Hurria-Sahara elkarteak dei egiten dio "Andoaingo herriari, beste behin ere, saharako herriarekiko bere elkartasuna adierazi dezan, izan ere, azken bi urteetan elikagai gehien jaso duten herrian artean egon gara.
Kanpaina honi Hurria-Saharak emango dio hasiera abenduaren 22an Andoaingo kaleetan. Egun horretatik aurrera, herriko hainbat janari dendatan, andoaindarrek kanpamenduetara bidali nahi dituzten elikagaiak utzi ahal izango dituzte. Urtarrilaren 7tik 18ra kanpaina herriko ikastetxeetan egingo da. Aita Larramendi Ikastola, La Salle-Berrozpe ikastetxea, Leizaran Institutua, Ondarreta ikastetxea, Bideo eta zinema eskola eta Galardi haurtzaindegia.
Bide batez, herriko ikastetxeei eskertzeaz batera herritarrei jakinarazi nahi diegu, abenduaren 24an, gabon gauean, herriko kaleetan zehar kantari ateratzen direnean, ikastetxeek bildutako dirua kanpaina honi laguntzeko izango dela.
Andoain, berriz ere, saharako herriarekin solidarioenetakoa izatea espero dugu. Parte har ezazu eta eman jarraian aipatzen diren elikagaiak: Azukrea, atuna, arroza eta dilistak, adierazitako lekuetan. Saharako herriak eskertuko dizu".