Orain leku turistikoa da. Ia urte guztian joaten dira turistak, neguan, bertan duten eski estaziora, eta udan mendi ibilbideak egitera.
Nolaz etorri zinen Urnietara?
Andrzej Styrczula: Poznan hirian ikasketak egiten ari nintzela ezagutu nuen Poloniako iparraldekoa zen neska bat. Ikasketak bukatutakoan biok Alemaniara joan ginen praktika batzuk egitera, ni Bremen hirira, eta hura Düsseldorf´era. Azken hiri honetan bizi ginela, gu baino lehenago hona etorritako batzuen bitartez jakin genuen Euskadiko orkestran musikariak behar zituztela. Bera aurkeztu zen, eta plaza lortu bezain azkar etorri ginen. Lehenengo bi urteetan Donostiako Bidebietan bizi izan ginen eta 1994an Urnietara etorri ginen.
Gustura sentitzen zara Urnietan?
A.S.: Oso gustura hasieratik. Besteei irekia egonez gero eta jendearekin hitz egin nahi baldin baduzu, jendeak ere maitasun handiagoarekin hartzen zaitu. Aldiz, zure baitan itxita harremanik izan gabe gelditzen bazara, jendeak ere atzera egiten du.
Zure herriko zerbait faltan botako duzu.
A.S.: Nahiko antzekoak dira. Adibidez, hemen eguzki-lorea etxeko sarrerako atean jartzen duzue sorginak etxera sar ez daitezen, ba han ere berdin. Antza handia duten gauza asko daude. Faltan botatzen dudana nire familia da.
Zer zenekien Euskal Herriaz etorri aurretik?
A.S.: Nik euskal kultura aspalditik ezagutzen dut. Gure jaioterrian urtero folklore jaialdi bat izaten da. Eta ume nintzenetik euskal dantza taldeak ezagutu izan ditut. Euskal herrira nire lehenengo bidaia 1975ean egin nuen Baionako jaialdira. Gero 80an ere berriro Baionan izan nintzen. Beraz bizitzera etorri aurretik hemengo kultura eta Euskal Herria nolakoa zen banekien.
Zu luthierra zara, nondik datorkizu afizio eta ofizio duzuna?
A.S.: Ez datorkit familiatik, jaioterritik baizik. Zakopane da Poloniako luthierren herria. Bigarren Hezkuntza bukatu ondoren praktikak egitera joan nintzen lutheria ikastera. Pixka bat triste nago gainera, hasieratik lanbide hau niri erakutsi zidan maisua aurreko astean hil baitzen 98 urterekin. Musika akademiara joaten nintzenean, arratsaldetan bere lantegitik pasatzen nintzen eta han sortua dut biolinak egiteko interesa. Han dena egurrezkoa da, etxeak egurrarekin egiten dira, altzariak eskuz lantzen dira… Polonian oso ezagunak dira Zakopaneko altzariak.
Esaguzu nola egiten den biolin bat.
A.S.: Lehenik egurra aukeratu behar da. Batez ere astigarra eta izeiarekin egiten da. Egur exotikoak ere erabiltzen dira, ebanoa giderrarentzat, palisandroa atal ezberdinetarako, eta abar. Ondoren zerratu, kolatu, kanpoaldeak jarri, gubiekin barrua landu, hots akustikorako behar diren zulo bereziak egin… Gero zati bat bernizatu egin behar da, horretarako apropos dauden berniz berezi batzuekin eta hau nahiko lan zaila da. Berniz kapa bakoitza lehortzen utzi, leundu… Luthier bakoitzak bere errezeta edo egiteko modua du. Ez da batere lan erraza eskuz biolin bat egitea, bi hilabete behar izaten dira. Baina orain apenas daukagun bezerorik. Horregatik konponketak eta bestelako lan txikiak egiten ditut.
Egia al da biolin bakoitzetik soinu ezberdina ateratzen dela?
A.S.: Bai, hala da, zuhaitz bereko egurrarekin eginagatik, iparraldera egon den aldea, eta hegoaldera egon den aldeko egurrak ezberdinak dira, eta beste hainbat aldagai ere badaude.
Urnietako hainbat ekintza kulturaletan partaide izaten zara.
A.S.: Juxto Egaña etorri ginenetik ezagutu genuen, eta berak eskatuta hasi ginen Sanmieletako preludioan esku hartzen. Lehenengo urtetik eman genion baiezkoa eta geroztik hor izaten gara. Nire ustetan kultura zabaltzea garrantzitsuagoa da beste hainbat gauza baino. Kulturak bizirik mantendu behar du.
Euskal kantak gustukoak al dituzu?
A.S.: Nik euskara ez dut askorik menperatzen eta kanten letrak ulertzea botatzen dut faltan baina musika aldetik begiratuta oso politak dira. Adibidez, Xabier Lete eta Lourdesen kantuak oso gustukoak ditut. Juxto, Antton Jauregi eta Fermin Zinkunegirekin ari naiz gero eta euskal kantu gehiago ezagutzen.
Bukatzeko, Poloniara doanarentzat zein da nahitaez bisitatu beharreko lekua?
A.S.: Polonia oso handia da. Alde batetik mendiguneak daude gero lakuen ingurunea eta kosta ere. Krakovia, garai bateko Poloniako hiriburuak, merezi du bisita bat. Wieliczkako gatz mehatze zaharrak ere bai. Euskaldunek mendia maite duzuenez Zakopanera joatea ere gomendatzen dut.