Eulali Aranburu Lekaion hizlari

Abenduaren 13an, Eulali Aranburuk eskainitako hitzaldiarekin eman zitzaion hasiera Egape ikastolako Biteri-Azkorte eraikinaren mendeurrena dela eta maiatzaren 17ra arte luzatuko den egitarau zabalari.

Eulali, Hernaniko Agerre baserriko alabak, bizitza guztia irakaskuntzari eskaini dio, herrian bertan eta erretiratu aurreko urteetan, Donostiako Santo Tomas lizeoan.  Orain, adinean aurrera badoa ere sasoi betean dagoela erakutsi zuen, “ni belar motzean hazia bainaiz”.
Hitzaldian zehar, Pedro Biteri arrasaterraren ibilbideari errepasoa eman zion, batez ere Europan zehar ibili ondoren Miarritzera bizitzera itzuli eta eskolak eraikitzeari ekin zion garaiari. Lehenengo diru laguntza bere herriko, Arrasateko eskola eraikitzeko eman zuen, eta ondoren beste bederatzi herritan egin zuen gauza berdina, Irun, Errenteri, Hondarribia, Pasai Antxo, Pasai Donibane, Donostia, Aretxabaleta, Hernani eta Urnieta.
 

Garai bateko andereñoak eta haiek egindako lan izugarria ere gogorarazi nahi izan zuen. Horretarako jakinarazi zuen nola hasi zen bera irakaskuntzan, Agerre baserrian bertan, etxeko eta inguruko Santa Barbara, Martiku…baserrietako umeei klaseak emanaz. Inongo diru laguntza ofizialik gabe. Meritu handia izan zuten, bere esanetan, garai zail haietan baserrietako sukalde eta ganbaretan irakaskuntzan jardun zuten andereño haiek.
Beraz, Biteri-Azkorte eraikinaren mendeurrena ospatzeko ekitaldiek hasiera ezin hobea izan zuten. Hurrengo ekitaldia, urtarrilaren 16an, “XXI. Mendeko eskola: gizarteak eskatzen diona eta berak dituen mugak” gaiarekin Jesus Mari Goñi, EHUko irakasleak eskainiko duen hitzaldia izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!