Jon Lizarribar eta Urnietako presoen egoera

Sei urteko espetxealdia ezarri dio Parisko auzitegiak Jon Lizarribar preso urnietarrari, pasa den azaroaren 21ean egin zioten epaiketan. Estatu frantsesean bizitzea ere galarazi diote. Kartzelaratua izan eta hiru urtera jaso du Lizarribarrek epaia.

Hain zuzen, 2004ko urriaren 20tik aipatu hiriburuko La Santéko espetxean baitzen.  Epaiketa prozesua igarota, bilgunetik urnietarra espetxez alda dezaketela iragartzen dute. Normalean, La Santékoa epaia jaso arteko denbora igarotzeko baliatzen baitute.

Etxerat-etik jakinarazi dutenez, oso bizi baldintza gogorretan egon behar izan du Lizarribarrek; etxetik mila kilometrotara, eguneko 22 ordu ziegatik atera gabe, egunero dutxatzeko aukerarik gabe eta telefono deiak egin ezinik. Etxerat-eko kideek elikagai oso txarrak jaten dituela adierazi dute, eta hori azalean nabari zaiola Lizarribarri.  Bestalde, erabat zaharkitua dago eraikina. Horren adibide moduan aipatzen dituzte, labezomorro edota arratoi gorotzekin elkarbizi beharra.

Bestalde, gurasoak Urnietan bizi dituen Egoitz Alkainen egoera ere gogora ekarri nahi dute. Martuteneko espetxean izan ostean, Burgosera urrundu dute.

Teresa Todaren atxiloketarekin batera, Etxerat-ek Urnietan ere preso kopurua ugaritzen ari dela gogorarazten du. Presoak Euskal Herriratzeko deia egitearekin batera, bilguneko kideek haien jarduna betetzeko oztopoak salatu nahi dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!