Bide zaharra berrituko dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko abe. 19a, 18:51

Askori ezaguna egingo zaio Txanpinoien tunela, Lasarte-Oria eta Urnieta lur azpitik lotzen dituen pasabidea. Egun egiten ari diren saihesbidetik gertu gelditzen da. Bai tunelak eta baita bariante berriak ere, eten egiten dute Iruñea eta Lasarte-Oria lotzen dituen bidea, antzinako Plazaola trenbidea. Gipuzkoa eta Nafarroa batzen ditu eta tarte horretan guztian dagoen bide mozketa bakarra, Urnietako aipatu gunean dago une honetan.

Aspaldikoak dira bide hori berreskuratzeko herritarrek egin izan dituzten eskariak. Horiei erantzunez, Udaletik azken hilabeteetan egindako gestioek eragina izan dute. Foru Aldundiak 2008, 2009 eta 2010 urteetako aurrekontuetarako diru-partida bat erreserbatua du, bide hori berreskuratzeko.

SAIHESBIDEA BUKATZERAKO
Aipatu bide zatia egokitzeko lanak bi eremutan gauzatuko lirateke. Batetik, saihesbide berri horren azpitik igaroko litzatekeen pasabidea eraiki nahi da. Aipatutako diru-partida Txanpinoien tunela izenez ezagunagoa den pasabidea berreskuratzeko ere baliatu nahi da. Udal gobernu taldeko kideek prentsaurrean jakinarazi zuten albistea. Haien esanetan, saihesbidea bukatzerako eginak behar lukete lan horiek. Baina momentuz noiz hasiko diren ez dago zehazterik. Argi dagoena, Foru Aldundiko aurrekontuetan lan horiek egiteko diru-partida gorde dutela da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!