Hiri Antolamendurako Plan Nagusia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko abe. 19a, 18:49

Ez ohiko edo Aparteko Bilkuran, Andoaingo etorkizuneko hiri antolamendua garatzeko ezinbesteko den dokumentuari hasierako onespena eman zion Andoaingo Udalak. Lehen pausua besterik ez da, udal ordezkarien eta herritarren parte hartzearekin osatuko dena. Hasieraz onartu den dokumentu hau herritarrek aztertzeko hiru hilabeteko epea izango dute. Epe horretan dokumentuko hainbat egitasmoei alegazioak aurkezteko aukera zabalduko zaie herritarrei nahiz eragile ezberdinei.  

Batzarraldira, kazetariez gain, dozena erdi herritar gerturatu zen. Tartean, Mikel Arregi jeltzaleen buruzagi ohia.

Hasierako onespena duen dokumentua prestatzen hilabeteak eman dituzte udal gobernuko eta oposizioko alderdiek. Aurreikusi zena baino denbora gehiago, gainera. Zer esanik ez zamarik handiena sozialistek zutela, agintaldian daudenez haiei dagokielako erredakzioaren aitzindaritza. Zentzu horretan, Perez Gabarain alkateak bere alderdiaren izenean autokritika egin zuen. Zera gaineratu zuen ere, “Erredakzio taldeak ez du maila eman”.
Udal batzarraldia egin aurretik, Udalaren Aholku Batzordeak Plan Nagusiaren hasierako dokumentuari oniritzia eman zion. Aholku Batzorde horretan Eskola Agenda 21-eko Xabier Agirre edota Sorabilla Errotagain elkarteko Miguel Belamendia izan dira. Ofizialki, Salkin elkartea ere Aholku Batzordeko kidea da.

PLAN NAGUSIAREN ILDO NAGUSIAK
Alor ezberdinetan egitasmo berriak bultzatu nahi dira. Besteak beste, hauexek:

  • Garraioa: GI-131 12-18 hilabeteetan amaituko dela espero dute. Adunako araztegia amaitzen denerako, urez hornitzeko azpiegitura guztia amaituta izango da.
  • Aparkalekuak: Pribatuak zein kontzertatuak, lurrazpikoak.
  • Lurra, etxebizitzatarako: 2.000 etxebizitza eremu ezberdinetan. Horietatik kopuru handia babes ofizialekoak, alokairuzkoak edo tasatuak.
  • Lur industriala: 450.000 m2 industriguneetarako.
  • Ingurugiroaren aldeko neurriak: Bidegorriak, etab…


Esan bezala, herritarrek hasierako plana aztertu eta nahi izanez gero alegazioak aurkezteko hiru hilabeteko epea izango dute. Datozen egunetan udaletxeko batzarraldi aretoan irudi bidezko muntaiak ipiniko dituzte, herritarrek Plan Nagusiaren nondik norakoa hobeto uler dezaten. Hilabete beharrean, beraz, hiru hilabeteko epea izango dute alegazioak aurkezteko.

ORDEZKARIEN IRITZIA
Bilkuran PSE-EEko Perez Gabarain alkatea Plan Nagusiarekin harro agertu zen. Parte hartzera dei egin zuen, denen artean zer hobetua badagoelako. Alkateak bozketa aurretik abertzaleei babesa emateko eskatu zien baina hauek abstentzioaren alde egin zuten.
EAJ: Alkatearen autokritika positibotzat hartu zuen. Egin dituzten alegazio kopurua gogora ekarri eta behin betiko onespena emateko kontsentsura iristeko itxaropena agertu zuen Egibarrek.
PP: Canok parte hartze handia eta kontsentsua nabarmendu zituen, “produktua positiboa dela uste dugu”.
EA: Agudo bere ekarpena bere horretan agertu ez delako kexu agertu zen. Alkateari eskerrak eman zizkion alegazioak aurkezteko 3 hilabeteko epea emateagatik.
IU-EB: Lurraren legea betetzen delako pozik zegoen Barreiro, baita parte harztearekin.

Plan Nagusian agertzen ez bada ere, etxabeetako lokalak etxebizitza bilakatzeko gaia txertatzea aztertzea aipatu zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!