Erreportari gazteak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko abe. 19a, 18:47

Txao txinatarra, Imanol estatubatuarra, Maryuri hondurastarra, Bea eta Elizza brasildarrak Andoainen ikasten ari diren euskaldunak dira. Haien lekukotza biltzen duen lana saritu du epaimahaiak. X.Edizioko irabazle izan da Euskaldun berri-berriak.

Etorkinen inguruko erreportajearen egileak Julen Arribillaga eta Mikel Urdangarin gazteak izan dira. Txao Yang txinatarraren eta bere familiaren kasuan oinarritu badira ere, munduko beste txokoetatik etorritako ikasleei ere erreparatu diete.

Ideiaren nondik norakoa horrela azaldu dute egileek, “Ikastolan kanpoko zenbait haur zeudela ikusi genuen eta ideia aproposa iruditu zitzaigun. Irakasleari aipatu eta baiezkoa erantzun zigun”. Gaia jorratzen hasi eta berehala burura etorri zitzaien Txao elkarrizketatzea, “Eskerrak eman nahi dizkiogu Letiziari, ume hauen guztien koordinatzaileari. Bere laguntza dexentekoa izan da, gure irakasle gehientsuenen antzerakoa”.

Isasik eta Ubillosek 2.saria eskuratu dute, Gerra ostean ezagun ziren Margariten inguruko lanagatik, “Irakasle baten bidez Margariten berri jakin genuen. Ez genuen gaia ezagutzen eta asko ikasi dugu, bai”.

Usandizagak Exkerreneako bluxak gogora ekarri ditu bere lanean: “Aitak eman zidan gaia eta neu aritu nintzen informazioa lantzen. Dagoeneko gauza gehiegi dakizkit!”. Argitaratu ez diren batzuk ere bai.

Saritutako lanen argitalpena ikastetxeetara eta Aiurriren bidez zabalduko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!