Euskal selekzioen alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko abe. 17a, 18:37

Pasa den larunbatean atxekimendu zabala jaso zuen Esaitek euskal kirol selekzioen alde egin duen manifestazio deialdiak. Harrera beroa izan du Esaiten proposamenak Andoaingo kirol eragileen artean. Pasa den larunbatean, eta hotzari aurre eginez, agerraldia egin zuten Goikoplazan funtsean bi eskaera egiteko.

Lehena, Euskal Herriko eragile eta federazio ezberdinei zuzeduta dago “ofizialtasunaren bidean aurrera egin” dezaten. Bigarrena, Andoaingo herriari, datorren hilaren 29an Bilbon egingo den manifestazio nazioalean parte hartzeko. Euskadi-Katalunia selekzioen arteko partidaren atarian, Arenaletik irtengo da aipatu manifestazioa “Euskal Herria: Nazio bat, Selekzio bat” lemapean.

Euskal selekzioen aldeko deialdiak erantzun zabala jaso du Andoaingo kirol taldeen aldetik. Ekimenaren sustatzaileek ondo taldeen atxekimendua jaso dutela adierazi dute: Euskalduna futbol taldea, Leizaran eskubaloi taldea, Gazteleku pilota taldea, Leitzaran bolei taldea, Andoaingo Txirrindulari Eskola, Leitz mountain bike taldea, Leizaur txirrinduzale elkartea, Zumeatarra atletismo elkartea, Areto futbol taldea eta Ontza kirol elkartea.

Kirolariek, agerraldi berean “era ofizialean Euskal Herria ordezkatzeko aukera” aldarrikatu eta zera gaineratu zuten: “Gure selekzioa Euskal herrikoa da, eta zentzu horretan aurrera egiteko, gure esku dauden pausuak emateko prest gaude”. Kirolari ugari izan zen agerraldian, irudian ikusten den bezala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!