Sorabillako ludotekaren lehen topaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko abe. 17a, 18:10

Kanpoan hotz egiten bazuen ere, barnean, epelean aritu ziren Sorabillako haurrak margotze lanak egiten, dantzan, ipuinak kontatzen… Auzoko ludotekaren lehenengo topaketa ospatu baitzen larunbatean. Hasiera arrakastatsua izan zuen gainera ekimen berri honek. 3 eta 11 urte bitarteko hogei haur inguru elkartu ziren Erretore Etxean. Karrikako Haurtxoko-ko begiraleen laguntzarekin; haurrak pozik aritu jolasean eta baita euren gurasoak ere.

Sorabilla auzoko guraso talde batetik sortu zen ludoteka edota antzeko zerbait egitearen ideia. Azken batean, ludoteka izenaz bataiatu badute ere, haurrak elkartu eta biltzeko gune bat da. Ibon Tapia, gurasoen elkarteko kidearen esanetan, auzoa, izatez handia da, eta azken aldian gainera asko zabaldu dela adierazi zuen. Hori dela eta, topaketa honen helburu nagusienetariko bat Sorabillako haurren artean harremana sortu eta bultzatzea dela jakinarazi zuen.

Ekainera bitartean hilean behin elkartuko dira auzoko gaztetxoak. Une honetan, eguberrien atarian egonda, ludotekako ekintzak ere sasoi horretara egokitu dituzte. Hori dela eta, buru belarri lanean ari dira auzoa apainduko duen Olentzero erraldoia egiten. Baina ekainera bitartean, ekintza gehiagoz gozatzeko aukera izango dute txikitxoenek. Urtarrilean esaterako, inauteriak izango da gai nagusia. Sorabillako baserriak eta inguruak ezagutzeko ibilalditxo bat egiteko asmoa ere badute. Eta ludotekaren lehen topaketa honi amaiera emango diote ekainean, San Juan suarekin. 

INKESTA PARTAIDEEN ARTEAN

1. Gustura etorri al zara ludotekara? 2. Zein lan egiten aritu zara arratsaldean? 3. Erraz moldatzen zara? 4. Olentzero polita aterako dela iruditzen zaizu?
 

IZARO IBARZABAL
1 Bai gustura etorri naiz. Larunbat arratsaldean entretenitzeko aukera bat dela uste dut.
2 Olentzero marrazten ari gara egurraren gainean eta auzoan jartzeko asmoa dugu.
3 Konplikazio batzuk baditu Olentzero ondo marrazteak, baina moldatzen gara.
4 Nik uste dut, gaurko lana ikusita Olentzero polita aterako dela.

IRATI URANGA
1  Gustura nator, oso ondo pasatzen ari naiz. Denbora azkar doa.
2  Olentzero arkatzarekin marraztu eta orain margotzen ari gara.
3  Oso erraza ez da, baina marraztea gustukoa dut.
4  Lehen aldia izateko itxura polita hartzen ari da Olentzero.

EIDER MENDILUZE
1  Ondo ari naiz pasatzen; gustura. Lagun berri batzuk ere egin ditut.
2  Ni gaur Olentzeroren kareta margotzen aritu naiz.
3  Nahiko erreza da margotzea baina begietako zuloak ondo moztea pixka bat zaila da.
4  Bai, nik uste dut Olentzero polita aterako dela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!