Manifestazio isila abenduaren 31n

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2007ko abe. 17a, 14:12

Urteko azken egunean, arratsaldeko 19:00etan, manifestazio isila deitu dute Aiztondo bailarako Villabona, Zizurkil, Aduna, Alkiza, Larraul eta Adunako Udalek. Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik abiatu eta Villabonako Errebote plazan amaituko da "Aiztondo bailara, giza eskubide guztien alde / Euskal presoak Euskal Herrira" lemapean egingo den ibilbidea.

Manifestazioarekin bat egin duten Udalek ondorengo idatzia izenpetu dute:

 

AIZTONDO BAILARA, GIZA ESKUBIDE GUZTIEN ALDE

EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA!

Idatzi hau izenpetzen dugun udalok beste behin dispertsioaren eraginez euren etxeetatik urrun dauden gizon eta emakumeak gogora ekarri nahi ditugu, are eta gogorago neurri politiko injustuen bidez urruntasun hori gero eta bortitzagoa suertatzen baita.

Bai, dispertsioaren aurka gaude eta Euskal presoak Euskal Herrian egoteko duten eskubidea aldarrikatu nahi dugu, guzti honegatik beste behin eta azken urteotan egin moduan azpian sinatzen dugun udalok abenduaren 31n, arratsaldeko 19:00etan eta Zizurkilgo plazan hasi eta Villabonako plazan bukatuz MANIFESTAZIO IXILean parte hartzeko deia luzatzen diegu bailarako herritarrei.

Idatzi hau izenpetzearekin batera zera adierazi nahi dugu:

1.-Herri honek hain beharrezkoa duen normalizazio politikorako arrazoi politikoak tarteko, espetxean dauden gizon eta emakumeak euren sorlekuetatik urrun izateak ez duela laguntzen gatazka konpontzen, areagotu baino ez duela egiten.

2.-Ez dela giza legezkoa, espetxean egoteari, senide eta lagunei zigor erantsiak ezartzea, astebururo kilometro piloa egin behar izatekoa 40 minutuko bisita egiteko. Dispertsioak eragiten dituen istripuek eta kalteek asko kezkatzen gaituzte. Gertu ditugu horren adibideak, Pello Zelarain Alicanten esaterako.

3.-Euskal presoak Euskal Herrian egoteak, eurenak diren oinarrizko eskubideak onartzeak, Herri honen baketze eta normalizazioan aurrerapausoak suposatuko lituzkeen bezala, dispertsioaren aitzakiapean ematen diren beste hainbat eskubide urraketa ez gertatzeko modua izango litzateke.

Isolamenduaren amaiera, gaixorik dauden presoen berehalako askatasuna, euren zigorretan ematen ari diren oinarri batere juridikorik gabeko erabakiak, Parot doktrina bezala ezagutua izan dena, oinarri oinarrizkoak diren eskubideen bortxatzea iruditzen zaizkigu eta hauen bermatzea eman dadin lan egin behar dugu. Datuak nahiko larriak dira gaur egun.

4.- Euskal presoek espetxeetan egonik ere oinarrizko eskubide batzuk dituzte, ikasteko eskubidea, komunikaziorako eskubidea, osasun eskubidea, asistentzia juridiko egoki baterako eskubidea..... behin eta berriz oinarrizkoak izanik ere bermatzen ez direla ikusten ari gara.

6.-Euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko idatzi hau izenpetzen dugun udalok gure ahaleginak egiteko konpromisoa berresten dugu.

7.-Idatzi hau izenpetzen dugun udalok, herritar guztiak aipatu manifestazioan partehartzera deitzen ditugu. Honela, udal bakoitzak bando bidez idatzi honen jakinarazpena helaraziko die herritar guztiei.

8.-Jakinarazpen hau bera jasoko dute baita komunikabide guztiek, Espainiako Barne Ministerioak eta Gasteizko Parlamentuko Giza eskubideen Batzordeak, hala nola Arartekoak eta komunikabide guztiek.

 

Villabona, Zizurkil, Alkiza, Aduna eta Larraulgo Udalak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!