Sagain Mendi Elkartea aurkeztu dute

Mendiaz elkarrekin gozatzeko asmotan sortu berri da Asteasuko Sagain Mendi Elkartea. Ostiralean egin zuten aurkezpena eta dagoeneko datorren urterako irteeren egitaraua prestatzeko lanetan ari dira. Igandean egin zuten lehen irteera, Zarauztik Zumaia bitartekoa.

"Herrian mendian ibiltzea gustuko duen jende asko dago eta orain arte, bakoitzak bere aldetik egiten zituen irteerak. Hori ikusita erabaki genuen polita izango litzatekela elkarrekin gauzak antolatzea", azaldu dute taldekideek.

Urtean zehar hamaika irteera antolatzea da Sagain elkarteko kideen asmoa: "Batzuk familia osoarekin egiteko irteerak izango dira, beste batzuk luzeagoak eta Piriniotara joateko asmoa ere badugu". Laster emango dute irteera horien berri zehatzagoa.

Igandean egin zuten lehen irteera, arrakasta handiarekin gainera, izan ere, 52 pertsona bildu baitzen lehen irteera horretara joateko. Zarauztik Zumaira bitarteko bidea egin zuten, eguraldi ederrarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!