Olentzoko trafikoa erregulatzeko biribilgunea

Zizurkilgo Udalak, Olentzoko trafikoa erregulatzeko biribilgune bat eraikitzea onartu du. Egungo arrisku-egoera konpontzea da proiektuaren helburua.

Zizurkilgo Udaleko Gobernu Batzordeak 29 Sektoreko hirigintza-jarduketako programa behin betikoz onartzea erabaki du. Aipaturiko programak Olentzoko gunean, gaur egun hain arriskutsua den horretan, pabilioi industrialetako trafikoa erregularizatuko duen biribilgune berri bat eraikitzea jasotzen du. Onarturiko plana jendaurrean erakusgai egon ostean, eta inolako alegaziorik jaso gabe onartu da.

Zizurkilgo Udalak duela urte batzuk izan zituen lehenengo elkarrizketak Gipuzkoako Foru Aldundiko Bideen Azpiegitura sailarekin herri honetako 29 Sektorean, hainbat pabilioi industrialen kokagune den horretan, dagoen trafiko handiaren arazoa konpontzeko asmoz. Bilera hauetan Asteasuko Udalak ere hartu zuen parte, eta gune horretako zirkulazioa erregularizatzeko biribilgune bat egitea komeni zela ondorioztatu zen.

Gaur egun, industrialdean sartu behar duten ibilgailuek GI-2631 errepidetik zuzenean egiten dute, eta honetan ez dago biratzeko edo esparruan sartzeko inolako araudirik. Egoera honek arriskua eragiten du, ezkerretara biratzeko orduan batez ere, bai Elbarrenatik sartzerakoan bai Asteasurako noranzkoan sartzerakoan. Eta arazoa are larriagoa da errepide honen eta GI-2631 errepidearen bidegurutzean, Asteasuko industrialdean sorturiko trafikoarekin zirkulazioa are ugariagoa bilakatzen baita.

Sarbide-sistemaren berrantolaketa egokiak egungo egoera konponduko duen biribilgune bat eraikitzea aurreikusten du. Hori egindakoan, sektoreak bi sarrera izango ditu. Lehenengoa biribilgunetik egingo da Mendebaldeko eta Ekialdeko partzeletara eta Asteasuko industrialdera sartzeko. Bigarrenak, Zubizarreta Eneatik abiatu eta Ekialdeko partzeletan sartzeko aukera emango du.

Onarturiko proiektuak berdegune batzuk erreserbatzea era aurreikusten du, eta hala, parke bat, bide publikoen bazterretan lorategi zerrenda bat, eta biribilgunearen erdian halako lorategi bat atonduko dira. Orotara 6.500 metro karratuko azalera hartuko du egitasmoak, eta 56 plaza berri sortuko dira aparkalekuan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!