Biteriren mendeurrena

Ehun urte ez dira berehalakoan betetzen eta aitzakia ederra da atzera begira jarri, eta orain arteko ibilbidearen errepasoa egin eta omentzeko. Hala egin ohi da pertsonen kasuan, baina baita kasu honetan bezala, eraikin baten mendeurrenaren aurrean gaudenean. Egun, Egapeko DBH-ko eraikina denak, Azkorte izenez ezagutzen den horrek ehun urte bete zituen pasa zen azaroaren 17an.

Hernanikoarekin batera, Urnietako eraikina inauguratu zuen pertsonaren abizena du, ordea, jatorrizko izena; Viteri. Berak, Pedro Biteri Aranak, bultzatu eta inauguratu zuen eraikina eta eskola 1907ko azaroan. Handik hilabete batzuetara hil zen, 1908ko maiatzaren 22an.
Ordutik ehun urte igaro dira eta Egapekoak ez dira urteurrenaz ahaztu. Hori dela eta, ikasturte honetarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte, bi egun historiko horien artean. Honenbestez, orain hasi eta maiatzera arte luzatuko dira Egapekoek prestatu dituzten ekitaldiak.

Eraikinaren historiaren muina ezagutzeko, edota nola ez, Biteri jauna gertuagoatik ezagutzeko aukera izango da. Egapeko Bigarren Hezkuntzako zuzendari Manu Mariasek herri mailan pertsona horren irudia aldarrikatu beharra ikusten du, ez baita oso ezaguna. Baina berak adierazi duenez, “administrazioaren bete beharra bere gain hartu zuen garai zail haietan. Hainbat eskola ireki zituen; Hernanin, Donostian edota Urnietan”.

EKITALDIAK HILERO
Jardunaldien aurkezpen ekitaldiarekin batera, dagoeneko ostegun honetan, abenduaren 13an jarria zegoen lehen hitzordua Eulali Aranburu andereñoarekin. Biteriren bizitza sakonki aztertu du eta horren inguruko hitzaldia eskaintzekoa zen Lekaion.
Biteri omentzeko tartea ere hartuko da, heriotzaren mendeurrenean, maiatzean. Baina ekimen honek harantzago joan nahi du. Irakaskuntza publikoaren iragana, oraina eta etorkizuna aztertzeko tartea hartu nahi dute antolatzaileek, beste hainbat ekitaldiren bidez. “Biterik bezala, garai hartatik hona jende askok lan egin du irakaskuntza publikoaren alde. Pentsatzen dugu aukera polita dela omenaldi apal bat eskaintzeko guraso, irakasle eta ikasleei”, gogorarazi du Mariasek.

Aitziber Salinas eta Juan Agirrek idatzi eta ekimen honen barruan aurkeztuko duten liburuan alor horren azterketa egiten da, Urnietan finkatuta. Erakusketa bat ere iragartzen da, martxoa alderako. Garai bateko eskola irudikatuko lukeena, garai bateko materialekin. Errepublika eta Frankismo garaiko eskola ekarriko ditu gogora ziklo honek, eraikinak eta irakaskuntzak orain arte izan duten bilakaera sakonaren adierazle. Hain zuzen, Egapeko Bigarren Hezkuntzako zuzendari Manu Mariasek adierazi duenez, “bilakaera hori bat dator momentu historiko ezberdinekin”.

Irakaskuntza publikoaren gaia, hitzaldien bidez ere jorratuko da. Egungo irakaskuntzari lotutako mahai inguru bat izango da. Bertan guraso edota irakasleek parte hartuko dute. Zikloa, atzoko eta gaurko ikasle, irakasle eta gurasoei zuzendutako lagun arteko bazkari batekin itxiko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!