Teresa Todaren espetxeratzearen harira

Epaia kaleratu gabe eta ihes egiteko argudiopean atxilotu zituzten azaroa amaieran, eskubide urraketez betetako prozesua izan dela salatu duten 18/98 makrosumarioan auziperatutako euskal herritarrak. Tartean, Teresa Toda. Artikulu honen bitartez espetxeratuaren gertuko alderdia bildu nahi izan da, ingurukoen eta zenbait eragileen bitartez.

Askorentzat oso argi dago atxiloketa hauen guztien zergatia. Baita Teresa gertutik ezagutzen dutenek ere. Mirentxu de Migel eta senideek kasu. “Herri honekiko duen konpromezua izan da bere delitua eta horrek kartzelaratu du Teresa”, adierazi dute.
Orain kartzelan egon arren, ordea, aspaldi kondenatu zutela dakite eta adibide moduan, urte eta erdiz luzatu den epaiketa prozesua aipatzen dute. Bizitza normalizatu bat eraman ezina bai arlo profesional zein pertsonalean. Oso gogorra, erabateko indefentsio egoera. Azaroan izan zuena akabera. “Bere atxiloketa erabat lotsagarria izan da eta hori gogor salatu nahi dut”, adierazi du Karmele Urbistondok. Berak, 1999-2003 arteko legegintzaldia Udalean partekatu zuen Teresarekin, zinegotzi gisa. Nolabaiteko isla gisa bizi du Teresari gertatutakoa, bera ere Udalbiltza auzian auziperatua baitago eta epaiketa laster has daiteke. Jardun politiko hutsagatik atxilotu dituztela eta ondorioz, arazoa politikoa dela baieztatu du urnietarrak.

GOXOA ETA GERTUKOA
Karmelek laguna du Teresa. “Oso metodikoa izan da zinegotzi jardueran, baina baita bere eguneroko bizitzan ere. Izugarrizko lan gaitasuna du, poliglota eta pertsona jakituna da”, adierazi du Urbistondok. Fosilen munduak liluratzen du, adibidez. “Dakien guztia ez du harrokeriaz erakusten, harrotasunez baizik eta aldi berean, transmitituz eta partekatuz, gertutasunetik. Oso pertsona goxoa eta gertukoa baita Teresa”, adierazi du lagun duen Urbistondok. “Pertsona alaia, zintzoa, jatorra, lagunen lagun den horietakoa dugu Teresa, mendizalea eta euskalduna”, eransten dute bera ongi ezagutzen dutenek. Emakume borrokalari gisa ikusten dute, bizitzan jaso dituen kolpeen aurrean.
Hori guztia bere bizimoduaren emaitza gisa ikusten dute. Hain zuzen, Brasilen sortu zen Teresa eta gaztetatik bere bizitzan herrialde batetik bestera ibiltzea egokitu izan zaio. Madrilen kazetaritza ikasketei ekin zien, baina geroago, Iruñeara etorri zen eta bertan amaitu zituen. Hiriburu horretan izan zuen herri honekiko lehen hartu emana. Gerora, urte dezente egin zituen,
besteak beste, Egin egunkarian. Komunikabidea itxi eta horrekin batera, 18/98 sumarioa zabaldu zuten arte. Une honetan ondoan ez duten Teresari bi hitz helarazi nahi dizkiote Urnietatik: “Maite zaitugu”.

EUSKARAREKIKO KONPROMISOA
Teresa Todaren euskararen aldeko atxekimendua aski ezaguna da. Urte gutxi dira Aiurri astekaria Urnietan argitaratzen hasi dela eta Jon Ander Ubeda zuzendariak gogoan eduki nahi ditu Teresa Todaren animozko hitzak, “astekaria abian jarri eta denbora gutxira Teresaren deia jaso nuen argitalpena gogoko zuela esanez. Lanean jarraitzeko animoak eman zizkigun, beti estimatuko diot deia egin izana. Hasiera hura oso zaila izan zen eta, egiari zor,  ez ditugu animozko hitzak gehiegitan entzun. Auziarekin burubelarri zebilela aitortu zidan eta amaitutakoan Aiurrin laguntzeko prest agertu zen. Badaki ateak beti zabalik izango dituela”.
Aiurriren aldeko atxekimendua behin baino gehiagotan adierazi du. Ehungarren zenbakia ospatzeko afarian aiurritarren artean izan zen Teresa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!