Berrogei ta bi kilometro korrika egitea ez da txantxetako kontua. Entrenamentu saio luzeak eskatzen ditu eta hori, ongi baino hobeto dakite Iñaki Sarasua eta Joxean Jimenezek. “Lau hilabete inguru aritu nintzen maratoirako prestatzen. Astean lau edo bost saio egiten nituen”, azaldu du Iñakik. Joxeanek ere lau hilabeteko prestatze prozesua egin zuen, astean bost edo sei saio eginez: “Gogorra da. Lanetik atera eta nekatuta zaudenean korrika egitea ez da erraza
batzuetan, baina gustuko dut, eta gustuko tokian… Gainera, pasatako nekeak erraz ahazten dira azkenean zure helburua lortzen baduzu”.
Hasiera batean, herriko bost korrikalari ziren parte hartzekoak. “Arrazoi ezberdinak zirela eta, azkenik hiru atera ginen. Zalantzarik ez dago Asteasu bezalako herri batentzat kopuru polita dela. Afizioa badagoela antzematen da”, dio Iñakik. “Tranpazulo kirol elkartea sortu berria da Asteasun eta hor biltzen gara atletismorako zaletasuna dugunok. Polita da horren inguruan sortu den mugimendua: kamisetak…”, gaineratu du Joxeanek.
Denbora onak
Donostiako maratoian egindakoarekin gustura agertu dira Iñaki eta Joxean. “Maratoia egiten nuen laugarren aldia zen. Lehendabizikoa egiten duzunean beldurra izaten da nagusi, ez dakizulako nolakoa izango den. Hortik aurrera, egindako marka hobetzea izaten da helburua. Aurten horixe zen nire helburua eta nire markarik onena hobetzea lortu dut, beraz, oso gustura geratu naiz egindakoarekin”, dio Iñakik. Helburu bera zuen Joxeanek ere. “Bosgarren maratoia nuen aurtengoa eta nire markarik onena egin nuen, gustura egoteko modukoa da hori”, dio. Joxean Jimenezek 02:51:41 behar izan zituen berrogeita bi kilometroak egiteko, Iñaki Sarasuak 02:56:23 eta Jose Antonio Iraolak 03:01:26.
Urteko hitzordu nagusia izan da maratoia kirolari hauentzat, baina denboraldia ez da amaitu. San Silbestre frogetan aterako dira Asteasuko beste hainbat korrikalarirekin batera. “Ziurrenik Tolosako lasterketan parte hartuko dut. Iaz Beasainen eta Tolosan atera nintzen, lasai korrika eginez. Aurten, Tolosakoan aterako naizela uste dut”, dio Joxeanek. Urteko azken egunean herri askotan izango dute korrika saioa egiteko aukera.
Andoaindarrak
Dozenatik gora lasterkari irten zen, gehienak nor bere kasa. Zumeatarra taldeko Jon Iturralde 27. sailkatu zen, eta 47. Axier Etxezarreta. Biak ala biak onenentsuen artean ibili ziren. Gorka Bueno izan zen hiru orduko denbora azpitik iritsi zen beste andoaindarra.