Ikasturte hasieran zerrenda bat ateratzen dugu. Parte hartzeko prest dauden gurasoek izena ematen dute eta ludoteka antolatzen hasten gara. Aurten sei guraso animatu dira, horregatik astelehenetik asteazkenera zabaltzen dugu ludoteka. Aurreko urteetan binaka arduratzen ginen ludotekaz, baina aurten, guraso bakarra izaten da umeekin. Horrela, bi astez behin egokitzen zaigu ludotekako ardura hartzea. Urteen arabera, parte hartzeko moduan dauden gurasoen kopurua aldatuz joaten da eta horretara moldatzen ditugu ludotekaren irekiera egunak”, dio San Millan eskolako Guraso elkarteko kide den Lourdes Legarrak.
Negura begira
Urte mordoxka daramate Zizurkil Goian ludoteka antolatzen: “Batez ere, neguari begira egiten den zerbait da. Azaroan jartzen da martxan eta apirila inguruan bukatutzat ematen dugu. Neguan, eguraldi txarra egiten duenean, haurrek ez dute nora joanik Zizurkil Goian, horregatik antolatzen dugu ludoteka, etxetik atera eta elkarrekin egoteko aukera izan dezaten. Gustura etortzen dira haurrak, batez ere txikienak”, aipatu du Lourdesek. “Gurasoak txandakatzen gara haurrak zaintzeko eta beharrezko materiala Udalari eskatzen diogu”, gaineratu du.
Jolasak, margoak, abestiak, eskulanak…, denetarik egiten dute San Millan eskolako gurasoek antolatutako ludotekan: “Gurasoak ez gara horretan jakitunak, baina ahal den neurrian gauzak egiten saiatzen gara. Borondatea ez da falta izaten. Eskulanak egiten hasi gara aurten, esaterako”.
Arratsaldeko 17:00etatik 18:30etara egoten da zabalik ludoteka. “Izen-ematerik ez da zabaltzen, guztiz irekia da ludoteka Zizurkil Goiko umeentzat. Beharren eta gogoaren arabera etortzen dira umeak”, dio.
Gaztetxoenek erabiltzen dute gehien ludoteka, helduagoak noizean behin etortzen diren arren. Zizurkil Goian gaztetxoentzat beste zerbitzuren bat beharko litzatekeela uste dute, “eskolako lanak egiteko gune bat, esaterako, oso ondo etorriko litzaieke bertako gazteei. Liburutegia badago Iriarte Etxean baina, ez dago arduradunik, eta itxita egoten da. Ondo legoke gutxienez astean ordu batzuetan irekita edukitzea. Ordenagailu bat ere eskatu diogu Udalari, gaur egungo gazteei begira beharrezkoa dela uste dugulako”.