Nola sortu zen apustua egiteko asmoa?
Joseba Otaegi: Plazara joan nahi nuen erakusle eta laguntzailearekin. Entrenamenduetan horrela aritzen naiz, baina txapelketan, bakarrik jardun behar izaten dugu. Hain zuzen, 3. mailakoa irabazi nuenean pentsatu nuen hura momentu egokia zela apustua hitzartzeko. Jon Rekondori egin nion desafio, bera ingurukoa delako eta lehen ere elkarren aurka aritu izan garelako.
Erraza izan al zen ados jartzea?
J.O: Eztabaidak egon ziren baina nahiko erraz lortu genuen adostasuna. Hasierako eztabaida datarena izan zen, nik geroago egin nahi nuen apustua eta berak Gabon aurrean. Azkenean Gabon aurrean egitea hitzartu genuen. Gero, kanaerdiko eta 60 ontzakoen kopuruarekin ere izan zen eztabaida, nik kanaerdiko gehiago nahi nituen eta hark berriz 60 ontzakoak. Niretzat kanaerdikoa enbor egokia da barruko lan gutxiago duelako eta azalean ibiltzen naizelako ondoen. Hark berriz, barruko lan gehiago nahiago zuen. Azkenean, zortzi kanaerdiko eta sei 60 ontzakora egin dugu desafioa, baina 60 ontzakoak nik emango ditut eta kanaerdikoak berak.
Non egongo da apustuko giltza?
J.O: Lan erdiak arte eustea garrantzitsua izango da. Orain arte lan motzetan ohituta gaude eta ziur nago bera oso bizi hasiko dela. Proba ordea, luzea da eta hasieran kanaerdikoetan alde eginagatik, gero 60 ontzakoek lan dezente dute. Lan erdiak arte eusten badiot, gero berak ere erritmoa jaitsiko du, eta hor izango dut aukera.
Lehen ere buruz buru aritu zineten biok eta orduan zu nagusitu zinen. Horrek konfiantzarik ematen al dizu?
J.O: Oso lan ezberdinak dira. Orduan proba motzak izan ziren, nahiz eta lan luzean atera nion alde handiena. Bera indarrean hasiko dela badakit eta burua hotz edukitzea garrantzitsua izango da.
Ez da urte asko aizkora munduan hasi zinenetik. Orain al zaude sasoirik onenean?
J.O: Bai, zalantzarik gabe. Entrenamenduak oso serio hartzen ari naiz eta uste dut hori sumatzen dela. Bi egunez behin aizkoran aritzen naiz eta gainontzean mendira eta gimnasiora joaten naiz. Batez ere aizkorari ari naiz lehentasuna ematen, baina mendian ere dezente nabil, lan luzerako hauspoz ondo ibiltzea ezinbesekoa baita.
Bientzat lehen apustua izango da, urduritasunak erasango dizun beldurrik bai?
J.O: Ez dut uste txapelketatik oso ezberdina izango denik plazako unea. Egia da aurretik jendeak beste era batera hartzen duela apustua, beste saltsa bat dagoela. Ezberdintasuna aurreko giro horretan dago.
Apustu honen ostean atsedena hartuko al duzu?
J.O: Bai, Gabonetan behintzat atseden hartuko dut. Ekainetik entrenamenduetan serio nabil, lehenik txapelketa zela eta gero apustua. Deskantsua ondo etorriko zait. Hori bai, datorren urte hasieratik gimnasioan ordu dezente sartu nahi ditut, hainbat arlotan badaukat zer hobetu eta fisikoa landu nahi dut datorren denboraldirako. Datorren urtean bigarren mailan ariko naiz Gipuzkoakoan eta Euskal Herrikoan eta bietan lan polita egin nahi nuke.