Hamazazpi urte eta gero, nola gogoratzen duzue garai hura?
Iñaki Zalakain: 1987ko apirilaren 24an atxilotu zuten aita eta 1990eko azaroaren 30a arte egon zen espetxean. 1987an ez zuten aita bakarrik atxilotu, baita ama eta anaia zaharrena ere. Aita Alcala Mecora eraman zuten, ama Carabanchelera eta anaia zaharrena Herrera de la Manchara. Amak hogei hilabete pasa zituen espetxean. Gerora, bisita batera zihoala, berriro atxilotu zuten mugan: ahaztu egin omen zitzaien ordenadoretik bere izena kentzea.
Pilar Esain: “Usted tiene un asunto con la Audiencia Nacional”, esan zidaten. Nik ezetz, ezta inondik ere. Ziegan egon behar izan nuen paperak argitu bitartean. Nazkatuta. Larunbata zen, erdi-mozkortuta zeuden.
Migelek osasun arazoak izan zituen espetxean egon zen denboraldian zehar…
I.Z.: 1990eko uztailaren 24an, herriko jaietan, bihotzekoak eman zion Ourensen espetxeratuta zegoela. Ospitalera jaitsi zuten eta hamar egun igaro zituen UBIn. Handik ateratakoan, beste bi egun plantan. Plantatik atera eta Ourenseko espetxera eraman zuten berriro. Hurrengo egunean, Madrilgo Alcalara, 40 gradu egiten zituela, garai hartako furgoneta baten txapapean. Alcalan isolamenduan sartu zuten eta erantzun modura, gose grebari ekin zion. Egoera hartan, noski, gose grebak ez zion batere mesederik egin. Irailean Martuteneko espetxera ekarri zuten. Hemen ez zuten Madrilgo medikuen informerik eta ez zioten osasunaren inolako jarraipenik egin. Medikutara joateko eskaera egiten zuen bakoitzean aitzakiak jartzen zizkioten: “hoy no tenemos furgoneta”, modukoak. Oso tratamendu eskasa jaso zuen. 1990eko azaroaren 30ean, goizeko 01:00etan aita hil egin zela esanez deitu zuten etxera. Kanpoan hil zela azpimarratuz. Ospitalean. Ospitalera hilik iritsi zela jakin genuen gero.
P.E.: Guri goizeko 01:00ean eman ziguten abisua. Baina gaueko 23:00tan hil zen Migel.
I.Z.: Hainbat informetan, erretzailea zenez, aita zigarroak hil zuela argitaratu zuten. Hori ez da egia. Gutxiago erretzen zuela esaten zigun bisitetan eta, “ni ez nau zigarroak akabatuko, barroteen arteko estresak baizik”. Infartoa eta gero, sei kilometroko paseoak eman behar zituen egunean. 40 m2ko patio batean ezin da sei kilometro ibili. Gutxiago, goizean eta arratsaldean ordubetez soilik atera bazaitezke. Aita inpotentziak eta barruko estresak hil zuen.
Espetxe bat baino gehiago igaro zuen…
P.E.: Alcalara eraman zuten aurrena. Handik Herrera de la Manchara. Valentziara gero. Valentziatik Madrilera eta handik Ourensera. Berriro Alcalara eta Martutenera azkenik. Medikutara Carabanchelera eramaten zituzten eta han ingresatuta egon zen behin.
Hamazazpi urte eta gero, nola ikusten duzue egungo egoera?
P.E.: Hobeto ez. Orduan gaizki eta orain ere gaizki, kasik okerrago. Lehen erretentzioekin pena jaitsi egiten zuten. Orain kendu egin dituzte erretentzioak. Gaur egun hamar edo hamabi preso oso larri daude. Batzuk atzera bueltarik gabe, gainera.
I.Z.: Norberari tokatzen ez zaion bitartean ez gara egoeraz jabetzen. Politikan sartu gabe, giza eskubideei begira, egoera larri asko dagoela konturatu beharko genuke. “Barruan egoteko zerbait egingo zuen”, esaten du askok. Zerbait egin badu ere, tratu duina merezi du pertsonak. Gertaera hauek guztiak argitaratu egin behar dira eta, oso zaila bada ere, gure artean elkartzeko balio behar dute, kontzientzia zabalagoa lortzeko.
P.E.: Eseri, elkarrekin hitz egin eta nahasketa honen zergatiaren zainetara iritsi beharko litzateke behingoz. Ez da oraingo kontua, 30 urte baino gehiago dira egoera honetan.